Mirentxineko bi gidarik erasoa jasan zutela salatu du Etxeratek

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 15a, 02:00

«JOAN den larunbatean, goizeko lauetan, kamuflatutako Guardia Zibilaren bi kotxek Mirentxinen furgoneta geldi­tzera derrigortu zuten autopista erdian; Kordobara bisitan zijoan senideen furgoneta zen, eta armak lehiatilatik aterata geldiarazi zuten»; gertatutakoa azalduz  hasi zuten atzoko prentsaurrekoa, Etxerat El­kar­teko eta Miren­txin Elkar­tasun Kolek­tiboko lau kideek: Urtzi Erraz­kin, Patrizia Belez, Unai La­ma­riano, eta Xabier Berrak, hain zuzen.
Ondoren, gertatutakoaren xehetasunak eman zituzten: «ibilgailuko ateak ireki, gidariari pistola buruan jarri, kanpora atera, eta lurrean etzatera derrigortu zuten. Gauza bera egin zuten bere kidearekin: eskuburdinak jarrita es­ku­ak bizkar atzean jarri zizkioten, eta agente bat bere gainean jarri zen, asfaltoaren kontra mantenduz». 
Orduan, Mirentxineko bi gidarien kontakizunaren arabera, operatibo antiterrorista bat zela oihukatu zieten Guardia Zibilek, eta lau senideak furgonetatik atera zituzten. «30 segundutan furgoneta begiratu eta konfunditu egin zirela esan zuten», azaldu zuen Xabier Berrak, gidarietako batek: «’barkamena eskatzen dizuegu nahi baduzue onartu, bestela, ez’, esan ziguten».
Bukatzeko, beste gidariak, Unai La­marianok salatu zuen «gertatutakoa nahiko larria izan zela».

Ildo beretik, Etxerat
Etxerat Elkarteak, halaber, gogor salatu zuen gertaera: «Akats bat izan zen? Ohitu­egi­ak gaude gure senideak bisita­tzeko ex-profeso antolatutako kontroletara, eta ‘zorizkoak’ diruditen  beste batzuetara ere bai... gu bakarrik gelditzen gaituzte; ohituegiak jazarpen eta jarraipen polizialetara, gertaera haue­tan akats sinple bat baino ez ikusteko».  
Horrez gain, Mirentxineko bi gidariei «elkartasuna» adierazi zieten, baita «errekonozimendua es­kaini, dispertsioaren karga arin­tzeko egiten duten lanari». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!