«Ondo ari gara, eta demostratu dugu erraustegia ez dela beharrezkoa»

Kronika - Erredakzioa 2016ko irailaren 13a

«Hernaniarrak zoriontzeko» egin zuten prentsaurrekoa atzo Luis Intxauspe alkateak eta Mattin Aldaia ingurumen zinegotziak. Izan ere, In­txauspe alkateak azaldu zuen hondakin sistemagatik «mun­­duan zehar zoriondu egiten gaituzte, eta ez da Udala zo­riontzea, hernaniarrok zorion­tzea da».

Txilen, azkenekoz
Zoriontze horien seinale da, alkateak azaldu zuenez, «zenbat lekuetara gonbidatu izan duten Hernani gure esperien­tzia, datuak, ohiturak eta ekimenak azaltzera». Azkena, Txile izan da. Bertan egin diren Zero Za­bor Nazioarteko bi Biltza­rretan (Santiagon eta Temu­con) izan zen Luis Intxauspe alkatea Hernaniren ordezkari mo­duan. Eta berak dioenez, han ere «Zoriondu gai­tuzte gure hondakinak etxe­­an behar bezala sailkatzen ditugulako, birziklatze tasa haundia dugulako, %80tik go­rakoa, eta konpostatzen dugulako. Eta hau dena hernaniarrok gure eguneroko ohitura eta jarduera onekin lortzen dugulako». 

Beste hainbat tokitan ere bai
Baina aurretik, beste hainbat tokitan ere izan dira Udaleko ordezkariak: «Galizan izan gara, konpostajeari buruz hitz egiten [...]; Manresan eta Bar­tzelonan, herrialde katalanetan; Ma­drilen ere bai; eta Europako hainbat herrialdetan Europe Zero Waste taldeak gonbidatuta: Capannori (Ita­lia), Paris, Bruselan; eta noski, etxean ere bai: Donos­tian edo UEUko ikastaroan».

Hernanira ere, bisitan
Hernanira leku askotako jendea etorri dela azaldu dute Udal ordezkariek, «hondakin bil­keta ezagutu, konpostagailuak ikusi eta ikastera». Hain juxtu, Las Palmasetik etorri zi­ren atzo; aurretik, Gali­ziatik, Frantziako Brivetik eta Bristo­letik ere etorri izan dira, besteak beste.

«Ondo ari gara»
Hortaz, borobildu zuen Mattin Aldaia zinegotziak, «Hernanin ondo ari gara: % 80tik gora birziklatzen dugu, pertsona ba­koitzak urteko 53 kilo errefus soilik sortzen dugu». Beraz, dio: «zailena egin dugu, eta gure erronka azken errefusa, benetako zaborra, murriztea da eta gutxiago kutsatzen ahalegindu behar dugu».
Ondorioz, Aldaiaren hitzetan: «ondo ari gara eta demostratu dugu erraustegia ez dela beharrezkoa gure hondakinak kudeatzeko, eta gainera, badakigu osasunarentzat oso arriskutsua dela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!