Aurreko ostiralean eman zitzaion hasiera Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde kanpainari, eta horren bueltan, bihar egingo du EH Bilduk Hernanin bere ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Atsegindegin, eta bertan izango dira Larraitz Ugarte eta Nerea Kortajarena, Gipuzkoako zerrendetako hautagaiak.
Solasaldia gazteekin, ostiralean
Baina biharkoa ez da EH Bilduk Hernanin jarri duen zita bakarra. Ostiralean bertan, solasaldia egingo du Mikel Urdangarinek gazteekin. Tabernaz taberna arituko da, 18:30etan hasita, eta bertan, hauek dituzten arazo eta kezkei aurre egiteko EH Bilduk duen eskaintza azalduko die.
Larunbatean, aldiz, triki-poteoa egingo dute 12:30etan; eta arratsaldean, autobusean joango dira Bilboko Miribillako ekitaldira. Joan nahi duenak txartela erosi beharko du Garin tabernan.