Kontxan parte hartu izanaren sariarekin bukatu zuen atzo Maialen traineru hernaniarrak. Kontxako Banderaren bigarren estropada izan zen atzo jokoan, eta traineru hernaniarra disfrutatzera atera zen: zortzigarren postua egin zuten atzo, eta sailkapen orokorrean ere hala bukatu zuten, 22:57:86 denborarekin. Denboraldiko balantzea eginda, Hernanik seigarren bukatu du Gipuzkoako Traineru Ligan; eta postu bera lortu du Gipuzkoako Txapelketan. Arraun elkartetik esker hitzak izan dituzte guztientzat: «eskerrik asko zuzendaritzako kide, arraunlari, entrenatzaile, laguntzaile, babesle eta jarraitzaileei! Aupa Hernani! Datorren urtean gehiago eta hobeto».