Aurreneko aldiz, erremontista hernaniar batek jokatu zuen atzo erremonteko final haundia: Banakakoa. Urte bikainak daramazki Endika Barrenetxea hernaniarrak, eta ondo egindako lanaren saria jaso zuen atzoko finalarekin. Dena emateko prest atera zen pelotalekura, behin finalera iritsita, ez zuela kikiltzeko asmorik aitortu zion Kronikari egun batzuk lehenago, eta hala izan zen. Atzo ordea, Urrizaren esperientzia izan zen nagusi, eta nafarrak bosgarren txapela eraman zuen etxera: 30-21 irabazi zuen final haundia.
Tantu polit ugari izan zituen finala
Urriza zen finala irabazteko faboritoa, eta pronostiko guztiak bete ziren atzo. Hori bai, izerditu eta onena eman behar izan zuen Barrenetxea hernaniarra gainditzeko. Sake errestoa klabea izaten dela esaten da erremontean, eta hau ere, hala izan zen atzokoan. Akatsak izan ziren atzo hernaniarraren etsairik haundia: 9 egin zituen; Urriza seguru aritu zen. Finalak ordea, tantu polit ugari utzi zituen atzo, ikusle asko eserlekuetatik altxatuarazteraino.
Urrizak aldea hartu zuen markagailuan hasieratik, eta 10-9koan izan zuen hernaniarra gertuen. Berriz ere tantu takada egin zuen nafarrak, 15-10. Ez zen alde haundia, baina muga hori gaindiezina egin zitzaion Barrenetxeari. Gutxi edo gehiago, hala joan zen partidua: 22-13, 22-14, 24-18, 27-21 eta 30-21. Barrenetxeak eutsi egin zion markagailuari, azken momentura arte borrokatu zuen eta ikusleen babes haundia jaso zuen atzokoan.
«Oso ondo sentitu naiz»
Finala bukatuta, pozik zen hernaniarra Kronikari egindako adierazpenetan: «Oso ondo sentitu naiz. Hasieran uste nuen urduritasunarekin eta giroarekin kosta egingo zitzaidala kontzentratzea, baina egia esan lortu dut kontzentrazio puntu bat. Nik uste nuen parekatuago joango zela partidua, 20garren tanto ingurura arte; eta gero, bere jokoarengatik, berak takadaren bat egingo zuela. Azkar xamar egin dit ordea takada hori, eta gero saiatu naiz estutzen, baina azkenean ezin izan dut».
Galarretara gerturatu ziren familia, lagun eta herritarren animoak sentitu zituan atzo Barrenetxeak. Eta datorren urtera begira, pausu bat gehiago ematea falta zaiola aitortu zuen: «Urtero gora eskaloi bat gehiago egin behar izaten dela esaten dugu eta hurrengoa badakigu zer den, txapela irabaztea. Ez dago aitzakiarik. Pausuz pausu joan behar dela esaten da, eta aurtengoa eman dut». Ipintzan ospatu zuen, bizitutako guztia. Historia egin baitzuen atzo, erremontista hernaniarrak.