Aurreko urtean bezala, bi zita ederrekin itxiko du aurtengo denboraldia ere, Goizuetako Iskibi kanpinak. Garagardo festa izanen da gaur, arratsaldetik gauera, eta Euskal Jaia ospatuko dute datorren igandean.
Garagardo ezberdinak, saltxitxak, patata purea ukondoa, oilaskoa...
Bigarrenez eginen dute Iskibiir fest garagardo festa, eta arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Menu tipikoa izanen da aukeran: garagardo ezberdinak, ukondoa, oilaskoa, saltxitxak, patata purea... Eta musikaz alaituta, giro ederra ere bai!
Tiketak 12 euroan salgai, eta akanpada doan
Garagardo festarako tiketak, salgai daude dagoeneko, ohiko tokietan: Iskibi kanpinean bertan edo telefonoz deituta 948 51 42 77 zenbakira; eta Amaia kafetegian.
Gainera, jakinarazi dute akanpada doan izango dela, kanpinean bertan, garagardo festara gerturatzen diren guztientzat.
Taloekin eta sagardoarekin, kantuan edo toka jokoan, denboraldiari agur
Eta denboraldiko azkeneko zita, bukaera emanen diona, datorren igandekoa izanen da: Euskal Jaia ospatuko dute bederatzigarrenez.
Aurten, gainera, Goizuetako Umore Ona abesbatzaren emanaldiarekin ekingo diote, eguerdiko 12:30etan. Gero, talo jatea izanen da, herriko talogileen eskutik, sagardoaz edo ardoaz lagunduta, eta kafea eta koparekin bukatuz. Eta arratsaldean, toka txapelketa eginen dute. Trikitilariek ere ez dute hutsik eginen, eta egun osoan zehar jarriko dute giroa kanpinean.
Euskal Jairako txartelak, salgai daude dagoeneko, Iskibi kanpinean eta Amaia kafetegian: helduek 16 euro, haurrek 6 euro.
Bide batez, Iskibi kanpinak eskerrak eman nahi izan dizkie, denboraldi honetan gerturatu diren guztiei.