Urumean barrena paddle eta bisita, erakusketa hasteko

Kronika - Erredakzioa 2016ko irailaren 10a

Irailean, ikasturte berriari hasiera ematen zaion bezala, sagardo berria egiten hasteko prozesuari ere hasiera ematen zaio, eta horrekin batera, sagarra eta sagardoa protagonista izango dituzten hainbat ekitaldi izango dira Astiga­rragan.
Horietako bat izango da Sagardo ibaiak, bizitza iturri erakusketa. Irailaren 16tik 25era bitartean ikusi ahal izango da Sagardoetxean, eta 16an, 19:00etan inauguratuko da, Lourdes Odriozola historialariak gidatutako bisitarekin. Gainera, 17an, beste ekitaldi berezi bat prestatu da, eta izenematea irekita dago.

Urumean gora paddle surf edo zutikako arrauna, eta bisita gidatua
Hain zuzen, arratsalde pasa eder bat egiteko aukera izango da irailaren 17an, bezperan irekiko den erakusketari lotuta.
Arratsaldeko 15:30etan Do­nos­tiako Arraun Kirolak el­kartetik abiatuta, paddle surf edo gondolin gaineko zutikako arrauna eginez, Urumean gora igotzeko aukera izango da, Lourdes Odriozolak azalpenak ematen dituela. Ergo­bi­a­ko zubiraino, 6,26km-ko ibilbidea egingo da, eta 17:30ak aldera bukatzea espero da. Segidan bisita gidatua egingo da Er­go­biako sagardotegietan barrena, eta sagardoa eta pin­txoak dasta­tzeko aukera izango da, musikak lagunduta.
Parte hartu nahi dutenek irekita daukate izenematea, 20 euroan, www.sagardoarenlurraldea.com webgunean.

Paddle surf edo zutikako arrauna egin eta sagardoa eta pintxoak dastatzeko, izena eman behar da: ‘www.sagardoarenlurraldea.com

Oria eta Urumea, sagardo ibaiak
Erakusketa, irailaren 16tik aurrera ikusi ahal izango da, eta bertan aukera izango da ezagutzeko, Urumea eta Oria ibaiek sagardogintzarekin izan duten lotura eta honek Gipuzkoako garapen historikoan izandako garrantzia.

Sagar Uzta jaia, irailaren 22tik 25era
Gerora ere, sagarra izango da protagonista. Izan ere, Sagar Uzta jaia egingo da irailaren 22tik 25era. Besteak beste, Sagardobide Erronka edota Kizki Eguna egingo dira 24 eta 25ean, hurrenez hurren, eta azken honetarako izenematea ere irekita dago aipatutako webgunean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!