Gozatzeko estropada dauka biharkoa, aurreko igandekoa bezala, Hernaniko Maialen traineruak. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia izango dute jokoan Donostian, goizeko 11:00etatik aurrera.
Bertan egotea da saria, egindako lan onaren fruitua. Baina gozatzeko, egindakoarekin gustora geratzea izaten da onena, eta beraz, bere maila erakutsi nahiko dute hernaniarrek, bihar ere.
Erronka, aurreko igandeko zazpigarren postua hobetzea
Banderaren lehiatik oso urruti egonda ere, erronka polita dauka Maialenek: aurreko igandeko postua hobetzea. Zazpigarren izan zen, baina gertu dauzka, bai aurrekoak, eta baita atzekoa ere. Beraz, dena jokoan daukate hernaniarrek, oraindik ere. Ezer galtzekorik ez, ordea; eta bai asko gozatzeko.
Lau segundu aurretik daukate Deusto, eta bi segundu atzetik Arraun-Lagunak.
Aurreneko txandan ariko da, eta kontrario izango ditu, gertuen dauzkan hiruak: bi segundu atzetik geratu zen Arraun-Lagunak; lau segundu aurretik Deusto; eta hamar segundu hobeto ibili zen Cabo.
Hasiera batean, Deustorekin eta Arraun-Lagunakekin lehiatu beharko dute hernaniarrek, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuen borrokan. Hiruen artean, oso parekatuta egon dira estropadak, denboraldi osoan zehar, eta edozer gerta liteke.
Cabo, ordea, koxka bat gorago dago, printzipioz. Euskotren Ligan ari da, eta ezustekoa izan zen ohorezko txandatik kanpo geratzea, Zarautz-Getariaren atzetik.
Kontxako Badia, berdez jantzia
Eta arraunlariek bakarrik ez, zale hernaniarrek ere gozatuko dute biharko egunaz! Aurreko igandean, sailkapen estropadan bezala, kolore berdez jantzi zuten Kontxako Badia, Maialen traineruaren kamixetekin. Eta bihar ere, ez dute hutsik egingo! Guztiek gozatuko dute, Hernaniko arraunaren beste egun haundi batez.