«Iritsi da egun haundia», zioen Endika Barrenetxea hernaniarrak, asteazkenean, pelota aukeraketan. Gaurko final haundiari begira zegoen dagoeneko, Ionen kontra semifinala irabazi zuenetik: «oso gustora nago lortutakoarekin, satisfakzio pertsonal haundia izan da». Javier Urriza iruindarraren kontra jokatuko du, Buruz Buruko txapelaren bila; gaur 16:00etan hasita, Galarretan.
Horixe zuen txapelketako helburua Barrenetxeak: «beste koxka bat igo nahi nuen, finalera iritsi, eta lortu dut. Pasa dut semifinalen hesia. Aurreko astean presio haundia jarri nion neure buruari; urte osoa neraman lanean horretarako, eta fruitua ez ematea gogorra izango zen».
«Finalean ondo banago, estutu bat eman diezaioket»
Helburua lortuta, ordea, ez da konformatuko hernaniarra: «behin finalean nagoela, ez naiz kikilduko; gehixeago ere nahi dut. Lehengo urtean ikusi nuen, ondo baldin banago estutu bat eman diezaiokedala», dio Barrenetxeak.
Badaki zaila izango duela, aurkari zailena baita Urriza: «eman egiten dio, oso ondo defenditzen du, sakatu ere bai... Dena ondo egin behar da irabazteko, eta hala ere, asko kostata. Nekaezina da. Pelota paretara arrimatu behar zaio, eta belozidadea eman», dio Aritz Zubiri goizuetarrak.
Bera izango du botillero Barrenetxeak, txapelketa osoan bezala: «bera partiduan sartuta mantentzen lagunduko diot, akatsak zuzendu, aurkariaren puntu ahulak esan... Endika ongi ikusten dut, sakearekin asmatuz gero, Urrizari estutu on bat emateko moduan. Peloteoan konfiantzarekin dago».
«Biren kontra aritu naiz entrenatzen, bik adina defenditzen baitu Urrizak»
Barrenetxea bera, gogor prestatu da finalerako: «biren kontra aritu naiz entrenatzen, bi jokalarik adina defenditzen baitu Urrizak. Bizi-bizi jokatu behar zaio, eta momentu guztian zortzitik atzera. Hortik aurrera espezialista da», dio.
«Finalean zer gerta daitekeen, zaila da esaten. Frontoia beteta eta tentsioarekin, edozer gerta liteke. Aurreko partiduetan ondo hasi naiz, eta horrek komodidadea eman dit. Baina uste dut, partiduak luze jotzen badu, fisikoki ondo nagoela, eta ea lortzen dudan berari itolarria sortzea».
«Konfiantza haundiarekin nago. Partiduak luze jotzen badu, uste dut fisikoki ondo nagoela, eta ea lortzen dudan berari itolarria sortzea».
Aurreneko hernaniarra, Buruz Buruko finalean
Aurrenekoz ariko da Endika Barrenetxea, Buruz Buruko Txapelketaren finalean, iaz semifinaletan galdu ondoren. Eta aurreneko hernaniarra izango da, gainera, txapelketako finala jokatzen: «ez nintzen horretaz kontziente, baina polita da aurrenekoa izatea». Astea lasai igaro duela dio, «elkarrizketak kenduta», eta konfiantza haundiarekin dago: «zenbakiak lagun dauzkat, eta kantxa barruan tantoak bukatu ditut».
Alde izango ditu zaleak ere: «familia guztia etorriko da, eta ez gara gutxi! Eta lagunak ere, koadrila polita etorriko dira. Giro polita izango da harmailetan, eta jende asko izango dut bultzatzen».
Nork bere gustuko pelotak, kontrarioari begiratu gabe
Asteazkenean aukeratu zituzten, gaurko finalerako pelotak: «bakoitzak gure gustuko pelotak aukeratu ditugu, kontrarioari begiratu gabe. Eta horrela hobe; ez bata bestearen jokua anulatu nahian», dio hernaniarrak.
«Nik, gustora sentitu naizen pelotak hartu ditut, baina kosta zait aurkitzen, aurreko partiduetan baino gehiago. Ez biziak eta ez motelak, normalak hartu ditut. Gustora aritzea da garrantzitsuena», nabarmendu du Barrenetxeak.
Pozik geratu da Urrizaren aukeraketarekin ere: «aurreko finaletan, pelota lehorrak hartu izan ditu, eta oraingoan ez zait hala iruditu. Komodo ibiltzea bilatu du».
Finala, gaurko jaialdiko bigarren partidua
Beti bezala, lau partiduko jaialdia prestatu dute Galarretan, gaurko, 16:00etan hasita. Bigarren partiduan aterako dira kantxara bi protagonista nagusiak, eta bere onena eman beharko du Barrenetxeak: «ideala litzateke, partidua hastean sakearekin tanto batzuk egin eta bentaja hartzea; Urriza partiduan sartzerako, tarte bat lortzea», dio Zubirik.
Ez dute lan erraza izango horretan, baina goizuetarrak dioen bezala, «finalak irabazteko daude». Ea txapela Hernanin geratzen den!