Reggae eta rap musika gogoko dutenek plan ezin hobea dute bihar, Euskatalunya Sound Festivalekin. Hernanin izango da Atsegindegin, iluntzeko 20:00etan hasita.
Euskal Herria eta Katalunia, bat eginda
Orain dela bi urte ezagutu zuten elkar euskaldun eta kataluniar batek. Pasio bera konpartitzen zuten, reggaea, eta hala hasi zuten gaur egun egi bihurtu duten ametsa. Reggae sentimendu hori bultzatu eta zabaldu nahi zuten, inpaktua izango zuen zerbait antolatu, eta bide horretatik sortu dute Euskatalunya Sound Festivala. Azaldu dutenez, orain abenturako punturik gorenera iristear dira. Proiektu honetan sinesten zuten hainbaten laguntzarekin antolatu dute talde kataluniarrak eta euskaldunak elkartzen dituen jaialdi hau.
Hala, bihar, Atsegindegira gerturatzen direnek, lau kontzertuz gozatzeko aukera izango dute: 20:00etan Sua Sound eta Akerjenbe Sound Sistema; 21:30etan, MG Banda; 23:00etan Lagrimas de sangre taldea; eta azkenik, 00:30etan, Bad Sound Systm. Herritarrak animatu dituzte beraien ametsaren parte izatera!