Auzoetako jaiek jarraipena izan dezaten, garrantzitsua da belaunaldi berriak lortu eta testigua pasatzen joatea, eta ildo horretatik ari dira Zikuñagako auzotarrak. Erreleboa nori pasa izatea ezinbestekoa da; izan ere, Zikuñagako Jai Batzordeko kideek diote: «beste auzo batzuetan kostatzen ari da ekintzak aurrera ateratzea, eta guri hori ez pasatzeko, belaunaldi berria sortu nahi izan dugu».
Hori lortzeko, aurten aurrerapauso haundia eman da, eta gutxinaka, auzoko haur eta gazteak jaien antolaketaren parte izatea nahi dute. Eta lortuko dutela uste dute; izan ere, argi daukate: «auzoko gazteak langile finak dira, eta gogotsu dabiltza».
Ardura txikiak, zaharrenei
Horretarako, Zikuñagako haur eta gazteei protagonismo gehixeago ematen saiatu dira aurten, «merezi dute eta». Jai Batzordearen helburua izan da «auzoko gazteak, batez ere zaharrenak, 13-14 urtekoak, ardurak hartzen joatea festetako ekintzetan».
Haur eta gazte talde horren barruan dago Nahia Cuadrado auzotarra. Berak azaldu duenez, «kartelak jartzen, kamixetak egiten eta jolasak eramaten» laguntzen ari dira gazteak, eta lanak «denen artean» egin dituztela nabarmendu nahi izan du. Gustora ari direla onartu du Zikuñagako gazteak, eta datorren urtean ere lagundu nahi duela.
«Helduenei ardura pixka bat emanez, besteak, txikiagoak, bultzatzea lortzen da; kontajiatu egiten dira».
alde haundia, lanean
Dena den, Nahia Cuadrado ez da parte hartu duen bakarra. Jai Batzordeko arduradunek diotenez, «aurrekoan, herrian barrena kartelak pegatzera joan ginenean, 10-15 gazte etorri ziren».
Azken finean, diotenez, «helduenei ardura pixka bat emanez, besteak, txikiagoak, bultzatzea lortzen da; kontajiatu egiten dira».
Kamixeta bereziak, aurten
Aurtengo jaietako kamixetak egitea izan da auzoko haur eta gazteen eginkizunetako bat. Festetan zehar salduko dituzte kamixeta horiek, eta aurtengoak bereziak dira oso, bertakoentzat. Zikuñagako Jaiak izenburuaren azpian, hiru neskatxa agertzen dira: horietako bat Anastasia Leundaren omenez, berak egiten baitzituen jaietako txapeldunentzako txapelak; eta bestea, Erika auzotar trikitilaria gogoratzeko.
«Ez geneukan pala txapelketarik, eta gazteek eskatuta, programan gehitu dugu».
Gazteen emanaldia, atzo
Horrez gain, bada beste ekimen bat Zikuñagako haur eta gazteek gogo askorekin prestatu zutena: atzoko emanaldia, hain zuzen. Auzoko gazteek musikari eta abeslarien papera hartu zuten, eta instrumentu desberdinak erabiliz, Leño abeslariaren Maneras de vivir abesti ezagunaren bertsioa eskaini zieten atzo gauean auzoko guraso, lagun eta Zikuñagara bertaratutako guztiei.
Heldu eta txikiak, helburu
Festetako egitarauaz gain, urte osoan zehar antolatzen dituzte ekintzak Zikuñagan. Eta orduan, bai festetan, baita urtean zehar ere, pertsona helduak eta gaztetxoak erakartzea da helburua, Jai Batzordeko kideek azaldu dutenaren arabera. Izan ere, «beraiek ekartzen dituzte beste guztiak: gurasoak, lagunak...».
Ondorioz, auzoko txikienen proposamen eta eskaera kontuan hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaie: «ez geneukan pala txapelketarik, eta beraiek eskatuta, programan gehitu dugu».
EGITARAUA
GAUR, larunbata
10:00, Haurren esku pelota kanporaketak.
10:30-12:00, Marrazki lehiaketa.
12:30, Tortilla lehiaketa.
Ondoren, Sagardo dastaketa.
16:30, Marrazki lehiaketako sari banaketa.
Ondoren, Haurrentzako ginkana.
21:00, Barbakoa herrikoia.
23:30, Irrintzi lehiaketa.
00:00, Kontzertuak: Euphoric eta Humus.
BIHAR, igandea
10:00, Zikuñagako Amaren omenezko meza, eskoletan.
11:00-13:00, Jumping eta puzgarriak.
12:30, Esku pelotako finalak.
15:00, Apar festa.
17:00, Helduen toka, bote eta igela txapelketak. Izena emateko ordutegia: 16:00etatik 17:00etara.
17:00-19:00, Jumping eta puzgarriak.
18:00, Herri kirolak: Joseba eta Udane Ostolaza harrijasotzaileak; eta Luis Txapartegi eta Joxe Mari Esnaola aizkolariak.
19:30, Askaria eta txokolatada.
20:00, DJ Nemuxekin dantzaldia.
22:00, Zezen suzkoak, traka eta jaien amaiera.
Aurreko egunak
Kirolak eta jokuek piztu dute sua!
Asteazkenetik ari dira festetaz gozatzen, eta mota guztietako txapelketak eta jolasak izan dituzte, jaiak berotzeko.
Txikienetatik hasi eta helduetara, guztiek izan dute zerekin gozatu, Zikuñagako Jaien aurreneko egunetan; eta guztiek izan dute aukera, beraien abileziak erakusteko!
Izan ere, kiroletan zein jolasean piztu dute festen sua, eta mota guztietako txapelketak egin dituzte. Palan aritu ziren haurrak asteazkenean, eta futbitoan auzotar guztiak gero, Zikuñako Ama trofeoaren bila.
Ostegunean, berriz, moto lasterketak izan zituzten txikienek, eta ez zuen hutsik egin futbolin txapelketak ere! Esku pelota kanporaketak, ordea, gaur goizera (10:00etan hasita) atzeratu ziren, euriagatik.
Eta atzokoan, haur eta gaztetxoek gozatu ederra hartu zuten berriro! Eltxetxoak puskatu, hirin tartean aritu, tokan, botean, urarekin gerran, Apaxiren ipuinak entzun...