Hernaniko alderdi sozialistak prentsa ohar bidez jakinarazi du, oso harrituta dagoela Etxadi eta Paco Yoldiko igerilekuetara sartzean hernaniarrek izan dituzten arazoekin.
Hernaniko PSE-EEk dio, igerilekuko obrak hasi zirenetik izan den gestio txarra hasieratik kritikatu duela: «eta baita ere, kudeaketa txar horrek langileei eta erabiltzaileei ekarri dizkieten arazoak. Azken arazoa irailaren 1ekoa da. Gure erabiltzaileek ezin izan zuten adostutako igerilekuetara sartu, arazo teknikoak zeudelako. Eta deigarriena da, ordu batzuk lehenago izan genuela arazoaren berri. Are gehiago, alderdi sozialistak erabiltzaileen kexa ugari jaso ditu, gertatutakoaren berri ez zutelako».
«Bilduren gestioa txarra izaten ari dela pentsatzen jarraitzen dugu»
Oharrean diote, Bilduren gestioa txarra izaten ari dela pentsatzen jarraitzen duela alderdi sozialistak:«ekainean, Ricardo Crespo bozeramaileak kiroletako zinegotziari eskatu zion igerilekua azken momentura arte irekita izateko, aukera hori aztertzeko; hau da, San Joan jaietatik uztaila bukaerara arte irekita izateko, obrak hasi bitartean. Zoritxarrez, igerilekua hilabete osoan itxita egon da, irekita egon zitekeenean. Gainera, dirudienez, igerilekua haunditzea erabaki zenetik (maiatza baino lehen) orain arte, ez dute nahikoa denbora izan aurretik egin beharreko lanak egiteko».
«Buruntzaldean berriz ere sartzea da PSE-EEren ustez, soluzioa»
Alderdi sozialistak dio, lehendik ere defendatu izan dutela zein den soluzioa: «berriz ere Buruntzaldean sartzea da guk proposatu izan duguna, eskualdeko gainerako igerilekuak erabili ahal izateko. Ziurrenik, akordioaren parte izango bagina, orain ez genituzke arazo hauek izango; baina Alkateak esan zuen bezala ‘akaso Buruntzaldearen barruan ez egotea Bilduren erabaki politikoa da’».