Irailaren 25eko hauteskundeetarako prest dago Astigarragako EH Bildu. Lehengo ostegunean batzar irekia egin zuen, «hauteskundeen inguruko azalpenak eman eta herritarrekin batera herri mailako kanpainari forma eman eta osatzeko».
Hauteskunde hauen garrantzia azpimarratzeaz gain, pozik agertu ziren, «batzarreko parte-hartzea esanguratsua» izan zelako, eta «ilusioa eta lanerako gogoa nagusitu» zirelako.
«Ez ditugu legealdi galdu gehiago behar»
Prentsa ohar bidez, kanpaina prestatzeko batzarraren balorazioa egin du EH Bilduk, eta horrez gain, hauteskunde hauen garrantzia azpimarratu du, «batik bat, astigartarron egunerokoan eragiten duten erabakiak hartzen baitira
Eusko Jaurlaritzan: anbulategiko funtzionamenduan, DBH, etxebizitza politika...».
Honen aurrean, azaldu du «EH Bilduren aukera eta eskaintza argiak» direla. «Ez ditugu legealdi galdu gehiago behar, eta erreskate soziala, erabateko bakea eta burujabetzarako akordioa mahaigaineratu dira herritarron benetako beharrei erantzuteko bide moduan».
Biharko kanpaina hasierako afarirako izena eman daiteke Zipotza elkartean edo astigarraga@bildu.eus helbide elektronikoan.
Afaria bihar, hasteko
Era berean, kanpainarako prestatutako ekintza eta saioen berri ere eman du EH Bilduk. Hasteko, afaria egingo da bihar, «kanpainari hasiera umorez eta herri giroan ekiteko». Era berean, tailerrak, jaiak, hitzaldia... izango dira, eta herritarrei «parte hartzeko gonbitea» luzatu nahi izan die.
Posta bidez, beranduago
Bestalde, azaldu du beranduago bidaliko zaizkiela boto-paperak posta bidezko Gipuzkoako boto-emaileei, «Arnaldo Otegiren inhabitilazio zentzugabearen gaia argitu bitartean behin betiko boto-paperak prest egongo ez direlako».