Azken urteetako arrakastaren ostean, martxan da berriz ere Bakailu Astearen edizio berria. Urriaren 10etik 23ra izango da Hernanin.
Bakailua oinarri duten pintxoak
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten ere Tabernen Arteko Bakailu Pintxo Lehiaketa izango da. Aurreko urteetan bezala, pintxo hauek bakailua izan beharko dute oinarri; izena izan beharko dute eta euro batean salduko dira. Pintxo lehiaketak bi aste iraungo ditu, urriaren 10etik 21era, eta lehiaketan parte hartzeko 30 euroko izen-emate kuota ordaindu beharko da. Lehiaketa urriaren 21ean bukatuko da, iluntzeko 21:00etan. Puntuazio onena lortzen duen tabernak jasoko du diploma, eta bi pertsonentzako otordua Fagollaga jatetxean. Bigarren eta hirugarrenek ere diploma jasoko dute. Gogoratu dute, aurreneko hiru sailkatuen berri emango dela soilik.
Jatetxeei ere, gonbidapena
Jatetxeei ere luzatu diete gonbitea, beraien menuetan edo kartan bakailuarekin prestatutako plateren bat eskaintzeko.
Izen ematea, astelehenera arte
Bi kasuetan, izen ematea epea berdina da: irailaren 12ra bitartekoa. Horretarako hiru aukera: turismo informazio puntua Biterin; 943 33 70 28-943 33 30 49; edo turismoa@hernani.eus.