Zabalik dago Buruntzaldeako Euskaltegietan izena emateko epea. Joan den astean aurkeztu zuten ikasturte berria, Lasarte Oriako Vila Mirentxun; bertan elkartu ziren Buruntzaldeako euskaltegietako ordezkariak, eta udaletako teknikari eta ordezkari politikoak.
Zazpi euskaltegi daude momentu honetan Buruntzaldean: bi Udalenak dira, Lasarte Oriako eta Hernaniko Udal Euskaltegiak hain zuzen; eta gainerako bostak AEKren euskaltegiak dira, HABEk homologatuak.
Datuei erreparatuz gero, azaldu zuten 2015-2016 ikasturtean 759 ikasle aritu zirela eskualdeko euskaltegi hauetan, ikastaro ezberdinetan: egunerokoak, autoikaskuntza, AISA, guraso taldeak... Ikastaro hauez gain, beste hainbat egitasmo ere, eskaini dituzte: mintzalagun, gurasolagun, jabetza eskolak, lantegiak, hitzaldiak...
Hainbat erronka, ikasturte berrirako
Ikasturte berriari dagokionean, euskaltegiek dituzten hainbat erronka zehaztu zituzten aurkezpenean: zentro bakoitzari dagokion curriculuma sortzea eta garatzea, gaur egungo ikasleen eskaerei modu egokian erantzutea, eta herriko euskararen erabileran eragiteko moduak aztertzea.
Udalek, laguntza
Era berean, gogoratu zuten Buruntzaldeako udal guztiek ematen dituztela laguntzak euskera ikasteko «herritarrek bidea errazago eduki dezaten». 2016-2017 ikasturterako dirulaguntzak, orokorrean, zeintzuk izango diren ere zehaztu zuten: hernaniarrek %70-90 bitartean jasoko dute.
Izen ematea, zabalik
Hernaniko euskaltegietan izena eman nahi dutenek zabalik dute epea: Udal Euskaltegian irailaren 23ra arte dago aukera; eta AEKn hilaren 30a arte. Buruntzaldeako Udalek gonbita luzatu diete herritarrei eskualdeko euskaltegietan izena emateko: «euskera ulertzeak eta euskeraz mintzatzeak mundu berri baten atea irekiko dizu». Informazio gehiago: buruntzaldea.eus.