«Helburua da Utergaren aurretik geratzea», esan zion Endika Barrenetxea hernaniarrak Kronikari aurreko asteko elkarrizketan, eta lortu du. Herenegungo finalerdian Ioni 30-13 ederki irabazi ondoren, larunbateko Buruz Buruko txapelketako finalean egongo da Barrenetxea IV.
Urrizaren aurka, aurreko urteko txapeldunaren aurka, jokatuko du, honek Uterga finaletik kanpo utzi ondoren.
30-13 irabazi zion Barrenetxea IVak Ioni herenegungo finalerdietako partiduan.
Barrenetxea nagusi, hasieratik
Finalean egoteko faboritoa zen Barrenetxea, baina inork ez zuen uste hainbesteko tartearekin izango zenik. 30-13 egin zuen hernaniarrak Ionen aurka, eta hasiera hasieratik izan zuen partidua boltsikoan.
Hasieratik 3-0 eta 4-1 eginda aurreratu zen Barrenetxea; gero, Ionek 5-4 egin eta parekatu egin zela zirudien, baina hortik aurrera, hernaniarrak hartu zuen aurrea saketik hasita. Ionek asko sufritu zuen kantxan, eta ezin izan zuen ezer egin.
Gogotsu, finalera
Joko ederra eginda joango da Barrenetxea IVa finalera, indartsu eta gogo haundiarekin. Baina berak esan zuen bezala: «helburua, errealista, bigarren postua hartu eta finkatzea da». Ea sorpresa ematen duen! Galarretan ikusiko da hori larunbatean, 16:00etatik aurrera.