Ostegunean historia egin eta Kontxako Banderarako sailkatuak izan ondoren, atzo jokatu zuen estropadako aurreneko jardunaldia Maialen ontziak. Baina emozioak eta indarrek ez zuten bat egin, eta zazpigarren egin zuten 11:21,80ko denborarekin eta Getaria-Zarautz, Cabo eta Deustoren atzetik. Arraun Lagunak, aldiz, hernaniarren atzetik geratu zen, 3 segundura.
Ziaboga, Deustoren aurretik
Deustorekin tira-bira izan zen nabarmenena. 05:38,00ko denborarekin egin zuen ziaboga Hernanik, bere aurkari zuzena den Deustok baino segundu bat gutxiago eginda. Baina ondoren, aurrea hartu zion, eta bukatzerako, 4 segundu inguru gutxiago egin zuten bizkaitarrek.
Gainera, aurkari zuzena izan zitekeen Getaria-Zarautzek ezustekoa eman zuen, eta 11:05,44 denboraz, laugarren bukatu zuen estropada.
Aurrean, lehia bizia
Dena den, lehia bizia aurreko postuetan izan zen. Hibaika eta San Juan faboritoei, Orio gehitu behar zaie, beraiek indarrez borrokatu beharko baitute Kontxako Bandera etxeratu ahal izateko. 10:39,88ko denbora egin zuen San Juan irabazleak, eta segidan geratu ziren Hibaika eta Orio, aurrenekotik 3 segundu ingurura.
Dena den, Hernanik ere bigarren aukera hau aprobetxatu beharko du Deusto atzean utzi eta seigarren postua eskuratu nahi badu.
Igandean, bigarren zita
Emozioa, beraz, ez da faltako igandeko zitan. Goizeko 11:00etatik aurrera jarraituko du lehiak: Arraun Lagunak, Hernani, Deusto eta Cabok, aurreneko txandan; Getaria-Zarautz, Orio, San Juan eta Hibaikak, ohorezko txandan.