Grabatu klaseetan ezagutu zuten elkar Maite Arrieta eta Matilde Cabek, eta ordutik dira lagunak. Bakoitzak bere bidea jarraitu duen arren, Hernanin erakusketa jartzeko batu dira. Ostegunean ireki zituzten ateak, eta irailaren 15era arte egongo dira ikusgai bien lanak Biterin, arratsaldeko 18:00etatik 20:30ak bitartean. Maite Arrietarekin egongo da Kronika eta berak eman digu erakusketaren berri.
Erakusketa inauguratu berri duzue Matilde Cabe eta zuk. Zer ikusi ahal izango du bertaratzen denak?
Ikusi ahal izango ditu gauza klasikoak, oleozko pintura bezala, baita gaur egungo pintura ere, abstraktuak, adibidez. Baina, batez ere, grabatuak ditugu hemen, teknika desberdinak erabiliz egindakoak; lan asko behar duen teknika da, oleoa bezainbeste, edo gehiago. Baita artista-liburuak eta zeramika-lanak ere. Nik oleoa, grabatua eta artista liburuak egiten ditut; Matildek abstrakzio gehiago dauka, eta zeramika eta grabatua egiten ditu.
Zer nabarmenduko zenuke? Ba al dago ilusio berezia egiten dizun lanik?
Artistentzat, egiten duzun azkeneko lana da mimatuena, nire kasuan, oleoz egindako Alemaniako Berset ibaiarena. Baina nik ekarri dut beste bat hernaniarrentzat interesgarria izan daitekeena: Maius Baserriarena. Eta niretzat pertsonalki, oso garrantzitsua da Indiari buruz egin dudan artista-liburua. Dena den, lan guztiak dira bereziak, seme-alabak bezala dira niretzat.
Nolatan hasi zinen artearen munduan?
Beti izan naiz ona marrazketan, txikitatik, eskolan nengoenetik. Baina lanean hasi nintzenean piztu zitzaidan grina berriz ere, duela 25 bat urte. Oleoarekin hasi nintzen, eta aurreneko koadroa ederra atera zitzaidan, jateko modukoa. Orduan konturatu nintzen berezko gaitasuna nuela. Biterin hasi nintzen oleoa lantzen Peiorekin, eta hortik aurrera, nahiko autodidakta naiz; maisuarengandik ikasten dut, baina bakarrik egiten dut lan. Ondoren, Gipuzkoako Artisten Elkartera jo nuen eta grabatua ikastera sartu nintzen. Akuarela ere egin dut zertxobait, baina ez dut aurkeztu. Eta orain, beste gauza batzuk egin nahiko nituzke.
«Lan guztiak dira bereziak, seme-alabak bezala dira niretzat»
Eta nolabaiteko eboluzioa ikusi duzu?
Eboluzionatzen duzu seguruago zaudelako egin nahi duzun lana planteatzerakoan, batez ere, pinturan. Gainera, azkarragoa zara, baina gehiago kostatzen zaizu aukeraketak egitea; gero eta gehiago haunditu arteari buruz daukazun ezagutza, orduan eta zailagoa da aukeratzea. Egin nahi duzuna kontzeptualizatzeko momentua sakratua da.
Horrez gain, arteak energia behar du. Nire bizitzako momentu batean operatu egin ninduten eta ikusi nuen ez nuela energiarik, orduan, argazkilaritzan ibili nintzen.
Biteriko erakusketaren ondoren, zein da zure plana?
Biteriko erakusketa bukatzean, hurrengorako txanda hartuko dut, asko gustatzen zaidan aretoa baita. Beste erakusketa bat daukat 2017ko udan, iaz zerbait saltzea lortu nuen kafetegi batean.
Hala ere, erakusketa hau bukatzeko desiatzen nago, berriz ere lanean jartzeko, 80x80 neurriekin egin nahi dudan oleo bat egiteko, hain zuzen.
Eta nolakoa izango da hurrengo lan hori?
Hori ez da esaten! Gaia edozein dela, nahi dudana da normalean baino argi gehiago, iluntasunerako joera izan dudalako azkenaldian, kolore ilunak leunagoak direlako. Dena den, arte figuratiboan jarraituko dut.