Kontxarako txartelak «garesti» zeudela onartu zuen Juanjo Etxarte Maialen ontziko entrenatzaileak, baina bertan egoteko erronka zutela. Eta lortu dute.
Aurreneko aldiz egingo du arraun Hernaniko nesken traineruak Kontxako Banderaren bila. Gaur goizeko 11:00etan hasiko da emakumezkoen estropada, eta bigarren txandan aterako da Maialen, goizeko 11:15ak aldera gutxi gorabehera. Hernaniko neskekin batera arituko dira: San Juan, Orio eta Deustoko neskak.
Lehenengo txandan, aldiz, Hibaika, Arraun Lagunak, Cabo eta Zarautz-Getariako ontziek lehiatuko dute.
Seigarren, sailkatze estropadan
Kontxako Banderaren bila joateko, aurreneko pausua sailkatzea izan zen. Joan den ostegun arratsaldean egin zen sailkatze-estropada, eta hamar ontzietatik, zazpik lortu zuten Kontxarako txartela, tartean, Hernanik.
Seigarren egin zuen Maialenek, estropada ikaragarria eginda, eta Hibaika eta San Juan, aurreneko bi sailkatuetatik minutu erdira geratuta.
38 urte ontzirik gabe, Hernani
38 urte pasa dira Hernaniko Arraun Elkartearen ontzi batek Kontxarako sailkatzea lortu zuenetik. Ordutik, gorabehera haundiak izan ditu klubak, baina azkenaldian, neskak indartsu atera dira, eta iaz aurrenekoz sailkapenean parte hartu ondoren, aurten lortu dute txartela, aurrenekoz.
Hernaniarrei deia, animatzera joateko
Hortaz, zita garrantzitsua du Maialenek gaur eta datorren igandean. Denboraldia ederki bukatzeko aukera izango dute hernaniarrek, horregatik, deia egin diete herritarrei kamixeta berdea jarri eta gaur goizean Donostiara gerturatu daitezen. Gaur, inoiz baino gehiago, herritarren berotasuna behar beharrezkoa izango baitute arraunlariek.