Gazte, baina oso txukun hasi dira txirrindularitzan Laiene eta Igoin Pikabea, anai-arrebak: 12 eta 11 urte dauzkate, hurrenez hurren; Laienek Gipuzkoako Txapelketako bigarren postua lortu eta Espainiako Txapelketa jokatu du Euskal Selekzioarekin, eta Igoinek ere pozik azpimarratzen du: «4, 5 edo bigarren postuetan ibili naiz karreratan!».
Baina ez omen dira lehiatzera ateratzen. «Giroa gustatzen zaigu», diote. Eta amak, Izaskun Muruak, ondotik: «baina borrokatzen dute! Ez dute bat barkatzen!».
Gazte hasi zarete txirrindularitzan. Nolatan?
I.P: Aspaldi gustatzen zitzaidan ziklismoa. Hasieran trialsinean hasi nintzen, baina banekien ez zela nik nahi nuena. Ziklismoan hasi nahi nuen eta Hernaniko taldera joan nintzen. Baina txikiegia nintzela eta, ezin izan nuen hasi. Horrela, Andoaingo taldera joan nintzen. Osabaren bizikletarekin hasi nintzen, 9 urterekin.
L.P: Anaiaren aurreneko karrera ikusi eta neskak zeudela ikustean, gogoa piztu zitzaidan. Osaba eta aitari esan, eta hasieran ez ziren oso aldeko agertu; beste kirolen batean hobeto ibiliko ote nintzen... Baina begira!
Osaba eta aita jarraitzaile sutsuak dituzue, orduan. Familiatik dator afizioa?
I.P: Familian beti gustatu izan zaigu ziklismoa. Bi osaba txirrindulari izan ziren, eta amonaren anaia ere bai. Nahiko ezaguna zen. Txiron deitzen zioten. Hernanin karrera zegoen batean, gurasoei esan omen zien joan egin nahi zuela. Baina gurasoek, horiek txorakeriak zirela eta, esan zioten joateko mendira, segarekin iñixtorra moztera! Eta badakizu zer egin zuen? Segituan moztu, karrera irabazi eta koparekin azaldu, etxera!
L.P: Lehengusua ere ibiltzen da, eta aitaren bi anaia ere oso ondo ibiltzen ziren. Bat oraindik ere aritzen da, eta bera da gure mekanikoa, entrenatzailea... Dena!
Irabazi nahi duzuen karrerarik badago?
L.P: Helburua ondo pasatzea da, lagunak ikusi... Ez irabaztea.
I.P: Giro polita daukagu taldean, lagunak gara eta oso gustora joaten gara.
Baina lehiarik ez da falta! Espainiako Txapelketaraino iritsi zara, Laiene. Nola?
L.P: Gipuzkoako bigarren egin nuen, eta gero, entrenamendu bat bukatuta, entrenatzaileak esan zidan aitarekin hitz egin nahi zuela. Gero, ikasturte bukaera gertu zegoela eta, ez zekiela kontatu edo ez. Eta azkenean, esan zidan: selekziotik aukeratua izan nintzela, Espainiako Txapelketarako. Garraxika hasi nintzen! Osabari kontatu, eta berak ere ezin zuen sinistu. Eskola Kiroleko giroan gaude ohituta, eta hara joatea, motibazio haundia izan da.
Eta nolako esperientzia izan da? Errepikatzeko modukoa?
L.P: Gustatuko litzaidake errepikatzea, baina orduan, ur gehiago edan eta azukre gehiago jango nuke! Ikaragarrizko beroa egiten zuen, eta karrera bukatuta anbulantzian bukatu nuen, bero kolpe baten ondorioz... Ez naiz ia gogoratzen! Jende asko erretiratu zen, lasterketa bukatu gabe.
I.P: Urduriago nengoen ni, bera baino!
Denboraldi berrirako helbururik badaukazue?
L.P: Pasa den denboraldian ez dut asko entrenatu. Neukan gogoa, baina denbora gutxi. Aurten kaña emateko asmoa daukat! Gainera, infantiletako bigarren taldera pasako naiz.
I.P: Nik hobeto ibiltzeko asmoa daukat. Aurten zaila izan da, baina aurretik zijoaztenak zaharragoak ziren. Ni ere alebinetako bigarren taldera pasako naiz, eta, berez, aukera gehiago izan beharko nuke.
«Lehengusua ere ibiltzen da bizikletan, eta aitaren bi anaia ere ibiltzen ziren. Bat oraindik ere aritzen da, eta bera da gure mekanikoa, entrenatzailea... Dena!»
Orduan, entrenatzen hasi behar! Edo nahikoa entrenatu duzue udaran?
L.P: Udaran libreago ibiltzen gara, eta elkarrekin atera izan gara biok. Orain, urrian hasiko gara entrenatzen. Aurrena, fisikoa. Korrika, ginkana kiroldegi barruan... Bizikleta mendean hartzeko. Horrek ematen dit neri pereza! Korrika egiteak!
I.P: Ni gustora ibiltzen naiz korrika ere!
Esan behintzat, esaten da txirrindularitza kirol gogorra dela. Asko zaindu behar izaten duzue? Jarraitzeko asmoa badaukazue?
L.P: Infantiletan azterketak egiten dizkigute, eta aholkuak ematen dizkigute. Baina pixka bat ikasteko. Aholkuak dira. Zein postura diren onak eta txarrak, karrera baino lehen pasta jateko... Infantiletan lasaiagoa izaten da. Orain infantilen bigarren taldean ariko naiz, baina kadeteetara pasatzeak ematen dit beldur pixka bat, taldean zorrotzagoak direlako, karrerak dezente luzeagoak... Giroa aldatu egiten da, eta errespetua ematen dit.
I.P: Kilometroak asko aldatzen dira! Orain 12km inguruko karrerak dauzkagu, eta gero, 30-40 artekoak...
Epelen bizitzeak entrenatzen laguntzen al dizue? Eskolara bizikletan joaten, adibidez...
I.P: Bizikletan gutxitan. Normalean autobusean joaten gara. Hori ere aprobetxatu behar da!
L.P: Igoin Txirritan ibiltzen da, eta ni Hernaniko Institutuan.
Amesten jarrita, noraino iritsi nahi zenukete txirrindularitzaren munduan jarraituz gero?
L.P: Bizkaia-Durango taldera! Maila haundikoa da, eta giroari ere asko begiratzen dio. Denak neskak dira, baita direktibakoak ere!
I.P: Ba nik, Astanara!