Aurten ere Sagardo Eguna antolatu dute gaurko Donostiako Euskal Jaien barruan. 31garren edizioa izango da aurtengoa, eta bertan izango dira 35 sagardotegi, tartean lau hernaniar: Rufino, Iparragirre, Otsua-Enea eta Alberro. Goizeko 11:00etatik 14:00etara izango dira postuak Konstituzio plazan, eta sagardoaz gain, informazio postua, sagardogintza erakusketa, dastatze mahaia, salmenta puntua... jarriko dituzte.
Elhuyar Fundazioa, omendua
Bertan elkartutako sagardogileek omenaldi berezia egingo diote eguerdiko 12:45etan Elhuyar Fundazioari, Sagardoa Bidegile egin izanagatik. Dantzari eta txistulariek, eta Amets Arzallus eta Sebastian Lizaso bertsolariekin egingo dute omenaldia Konstituzio plazako oholtzan.
Horren aurretik, 12:30etan, argazki ofiziala aterako da sagardogile, gonbidatu eta omenduekin.