Konturatzerako, bukatu dira oporrak, eta iritsi da ikasturte berriari heltzeko garaia. Urumea bailarako ikasle gehientsuenek asteazkena izango dute aurreneko klase eguna.
Guztira, ia 3.500 haur eta gazte hasiko dira klaseetan, aurrematrikulazio datuak kontuan hartuta (Udalak eta ikastetxeek oraingoz dauzkatenak). Beraz, ikasturtea hasita datuak aldatu litezke.
Egungo datuen arabera, Hernanin, 81 ume izango dira Haurreskolan; 727 ume Haur Hezkuntzan; 1.134 ume Lehen Hezkuntzan; eta 677, gazte DBHn. Horrez gain, 32 ikaslek izena eman dute Transpacarreko zentroan; 160 baino gehiagok, Gizarte Berrikuntza LHIIn; eta Helduen Heziketa zentroak (EPAk), orain irekiko du matrikulazio epea. Astigarragan, berriz, 580 lagunek egin dute aurrematrikula; horietatik 60, bi urtekoen gelan hasiko dira. Eta Goizuetako Xalto Eskolan 75 ikasle izango dira, 3 urtekoen eta DBH 2 mailakoen artean; 57 goizuetar eta 18 aranoar.
Haur eta gazteak asteazkenean, bailara osoan
Datorren asteazkena, hilak 7 izango dute aurreneko klase eguna, haur eta gazte gehienek. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak orduantxe hasiko dira, Hernaniko Elizatxo, Langile, Inmakulada eta Urumea ikastetxeetan; Ereñotzuko Txirrita eskolan; Astigarragako Herri Eskolan, eta Goizuetako Xalto Eskolan.
Azken horretan, DBH 1 eta 2 maila ere eskaintzen dira, eta horiek hilaren 9an hasiko dute ikasturtea. Haur Hezkuntzako txikienek, berriz, egokitzapenerako bi aste izango dituzte. Hernaniko Elizatxo ikastetxeko eta Astigarragako Herri Eskolako Haur Hezkuntzako txikienek, berriz, irailaren 12an, astelehenez, hasiko dute egokitzapena.
Bigarren Hezkuntzakoek, egun batzuk gehiago
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edota Batxilergoa ikasiko dutenek, berriz, opor egun pare bat gehiago izango dute oraindik.
Goizuetako Xalto Eskolako DBH 1 eta 2 mailakoak irailaren 9an hasiko dira klaseetan. Hernaniko Inmakulada ikastetxean, berriz, hilaren 7an aurkezpena egingo dute bigarren ziklokoek, eta 8an hasiko dira; guztira, 89 ikasle izango dira. Institutuan ere, 7an aurkezpenak egingo dituzte: 10:00etan, DBH 1 eta 3 mailetakoek; 11:00etan, DBH 2 eta 4 mailetakoek; eta 12:00etan, Batxilergokoek. DBHn 588 ikasleren aurrematrikula datuak dauzka Hernaniko Udalak, eta Batxilergoko ikasleendatuak falta ditu Kronikak. Hauek denek, irailaren 8a izango dute aurreneko klase eguna. Aurten, gainera, eraikin berriko obren eraginez, ikasturte osoan klase guztiak goizez bakarrik izango dituzte ikasle guztiek, bai DBHn eta baita Batxilergoan ere.
Ume gehixeago, orokorrean
Aurreko urteetako datuekin alderatuta, ume kopuruak gora egin du pixka bat, orokorrean. Hernanin, 189 ume jaio ziren 2012an, eta 140, 2013an. 2014an, berriz, 149 ume erroldatu dira, eta horietatik 134k egin dute aurrematrikula herrian.
Astigarragan ere, 554 ikasle aritu ziren Herri Eskolan, eta aurten, badira 580 lagun. Goizuetan, berriz, iaz baino 3 ikasle gehiago izango dituzte aurtengo ikasturtean.
Helduen Hezkuntzako ikastetxean, izenematea
Bestalde, Hernaniko Antziola auzoan Helduen Hezkuntzako Ikastetxea (EPA) dago, 18 urtetik gorakoentzatko, eta aurreneko lauhilerako matrikula epea ireki du, hilaren 30era arte: 943 33 53 18.
Gizarte Berrikuntzako LHII ikastetxean, berriz, (lehengo Lanbide Heziketa), hilaren 7an, 12:00etan aurkezpena izango dute, hasierako prestakuntzako 145 ikaslek, eta hilaren 8an hasiko dira klaseetan. Eskaintza partziala eta Hobetuz programa ere aukeran dira.