«Sentsazioa desberdina da tunelean, egunez eta gauez»

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 3a, 02:00

Orain dela 2 edo 3 urte hasi zen Victor Goikoetxea pintore hernaniarra buruari bueltak ematen. «Donostiari 2016ko Kultura Hiriburutza aitortu ziotenean, Donostiako lau sarreretarako proiektua aurkeztu nuen;  formato haundiko pintura eta eskultura teknikak gustatzen zaizkit». Baina ez zuten aukeratu. Hala ere, ez zuen etsi, eta Xabier Barrutieta arkitektoarekin topo egitean, el­kar­lanean hasi ziren. 
Pasa den uztailaren 14an inauguratu da Donostiako Mi­ramar tunel peatonalean, ItsasArte-MiramArt 2016 obra. 

Esperientzia sentsoriala
Berrikuntzaren alorrean sa­kon­du zuten Barrutietak eta Goikoetxeak, eta diziplina asko nahastea erabaki zuten. «Ho­rrek erakarri gintuen gu eta patrozinatzaileak, hau sor­tze­ko dirua jarri dutenak», dio Goikoetxeak.
Izan ere, aurrena ikusten dena, tuneleko sabaia da, Goikoetxeak margotua, itsasoa oinarri, eta argi jolasa. Baina sarreran informazio totema dago, bisitariari elkar eragiteko aukera ematen diona; informazioa jaso eta iritzia eman dezake, eta zuzenean, debaldeko pintxoa lor­tzeko mezua jasotzen du telefonoan. Era be­rean, sentsoreek, zenbat jende pasatzen den kontatzen dute, eta totemaren pareko baldosek, za­pal­tzean, energia sortu.
«Nere ikuspegi artistikotik, abstrakzioa da, itsasoari begira sortua. Baina esperientzia sen­tsoriala sortu nahi genuen. Ez da tubo bat. Hori izan da zailena, denak bat egitea: nere lanak, Xabierrenak, argizta­tzaileenak...», azaltzen du Goi­ko­etxeak. Barrutietarentzat, be­rriz, «espazio berezi bat, iza–e­ra eta arimarik gabea, trans­for­matzea» izan da kontua. «Eta inguruan integratzea. Do­nostian denak egiten du bat».

580.000 bisitari, uztailean
Urtebete material berriak probatzen pasata, azkenean mar­txan dago obra, eta bisitarien iritziak jaso dituzte. Goikoe­txeak «itsaso sentsazioa» sortu nahi izan du; «gainera, sentsazioa desberdina da, egunez eta gauez». Barrutietarentzat, be­rriz, «inguratu eta norabait garraia­tzen zaituen tunela da». Eta bisitarien arrera ere, positiboa izan da. «%95ek azaldu du gustatu zaiola, eta uztailean 580.000 bisitari erregistratu dira!».
Goikoetxea gustora geratu da: «onena da gerora tunelarekin identifikatu nazatela», dio. Era berean, «herriari oparitutako ondarea, bertan geratuko dena» dela nabarmentzen dute biek. Zertara iritsiko den? Aus­ka­lo! «Denborak guztia bere to­kian jartzen du; ez dago besterik!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!