Atzo hasi ziren Latsunbeberri-Marieluts auzoko festak, eta bihar eguerdira arte luzatuko dira. Hala ere, Auzoko Eguna deitzen jarraitzen diote. Urteak dira antolatzen hasi zirela, eta garatu egin dira, baina Jai Batzordeak ez du oinarria ahaztu nahi.
‘Auzoko Eguna’ izenari eusten diozute oraindik, baina dagoeneko hiru egun hartzen dituzte auzoko festek. Asko aldatu al festa, hasiera hartatik?
Egun bakarrarekin hasi ginen. Larunbat goizez, Artetik taldeko begiraleekin elkarlanean, umeentzako jolasak antolatzen hasi ginen, eta pailazoak... 12 bat urte izango dira. Bizilagun elkartearen ideia izan zen. Gabonetan ere egiten zen, eta pentsatu zen egun bat aukeratzea ondo legokeela, gerora auzoko festak sortu ahal izateko. Pixkanaka landutako kontua izan da.
Iturritxo eta Karobi elkartea aritzen zarete elkarlanean?
Karobirekin lanean hastean, saltoa egin zen. Jaia egun osora luzatu zen, buruhaundiekin, puzgarriekin, dantzaldiarekin... Eta ondoren, beste jauzi bat egin zen, Jai Batzordea sortuta. Bertan bizilagunek ere lanean jarraitu zuten, baina Jai Batzordeak zuen ardura, eta festak ostiral arratsaldean hastea erabaki zen, frontenis txapelketarekin, sardin jatearekin... Eta azken saltoan igandera arte luzatu ziren ekintzak, eta gaur egungo egitaraua antolatzera iritsi ginen. Baina hala ere, ‘Auzoko Eguna’ deitzen jarraitzen diogu. Ez dugu aldatu nahi, hortik hasi baitzen guztia.
Bi auzo, Latsunbeberri eta Marieluts, bakarra balira bezala aritzen zarete. Ondo konpontzen zarete bi elkarteen artean ere?
Noski. Urte batzuetan Karobi elkarteko jendea zegoen Jai Batzordean. Baina gaur egun, Jai Batzordeaz hitz egiten da. Auzoko jendea da, ardura hartzen duena. Bi auzoetako jendeak osatzen du Batzordea; bizilagunek.
Auzotarrak elkartzea da festen helburua? Garai batean, badirudi, bizitza gehiago egiten zela auzoetan, eta harreman haundiagoa izaten zela bizilagunen artean...
Jaietan parte hartzen duten bizilagunek elkarbizitzarako joera haundiagoa dute. Ez da gauza bera elkar ezagutzea jai-giroan, pote bat hartzen, edo portaleko eskaileretan, igogailuarekin arazo bat dagoelako. Giro onean elkar ezagututa, errazagoa da gerora sortzen den harremana. Festek lortzen dute hori. Badaude taldeak, koadrilak, nahiz eta Jai Batzordean ez aritu, festak antolatzen laguntzen dutenak.
«‘Auzoko Eguna’ deitzen jarraitzen diogu. Ez dugu aldatu nahi, hortik hasi baitzen guztia»
Festek arrakasta dute, orduan?
Dudarik gabe. Badira urtetxo batzuk egitarau hau daukagula, eta jendea gelditu egiten da, auzoan. Gaztetxoak ere desiatzen egoten dira, festak noiz iritsiko. Askok oporretatik bueltatu nahi izaten dute egun hauetarako! Eta hobetzera egingo dute, seguru. Pare bat urte barru izango da beste saltoren bat. Gaur egun, festak igande eguerdian bukatzen ditugu, arratsaldean jasotzeko denbora edukitzeko. Izan ere, antolatzen aritzen garenok astelehenean lanera joan behar izaten dugu! Baina gazteak hasten badira...
Berrikuntzen alde ere egiten duzue dagoeneko. Aurten, bingoa antolatu duzue.
Jai Batzordean proposatu zen, maiatzean egiten dugun bileran. Herriko Jai Batzordeen artean oso harreman ona daukagu; asko hitz egiten dugu, ideiak eta materiala partekatzen ditugu... Paella jaterako paellera, adibidez, 250 lagunentzakoa, Florida, Karabel, Errugbi Elkartea eta gure artean erosi genuen. Frigorifikoak, eltzeak, kutxak... uzten dizkiogu elkarri. Portukoek toka txapelketarako materiala uzten digute. Eta bingoak Floridan oso ondo funtzionatzen duela ikusi dugu.
Gainontzean, urtean zehar ere izaten da bizitzarik auzoan? Beste ekintzarik?
Haur Txokoak arrakasta haundia dauka. Gaztetxo gehien biltzen dituen bizilagun elkartea izango da. Asteazken eta ostegunetan, lauzpabost talde aritzen dira, eta gero eta gehiago dira. Agian, erdigunean gaudelako, eta inguruko auzoetakoak erakartzen ditugulako.
Etorkizuna badago, orduan!
Bai, bai! Ideia da gazte jendea erakartzea Jai Batzordera, ideia gehiago ekartzeko. Has daitezela iritzia ere ematen. Lanean laguntzen dute, baina konpromiso gehiago har dezatela!