Festa gosez dagoena asetzeko adina ekintza, Latsunbeberri-Marielutsen

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 3a, 02:00

Iraila hain gogorra gerta ez dadin, festa aproposak dira Latsunbeberri-Marieluts au­zo­koak. Umore eta giro ona zabaltzeko adina ekintza antolatu dituzte aurten ere, bihar eguerdira arte.
Atzo bota zuten kohetea, eta festetako aurreneko txa­pelketa ere jokatu zen: fron-tenisekoa, hain zuzen. Apaxi ipuin kontalariak ere ume asko erakarri zituen, eta sardin-jatean indarrak hartu zituzten askok luze iraun zuten gero, DJek jarritako musikarekin dantzan.
Gaur, ume jolasekin hasiko da eguna, eta beste hainbat txapelketa jokatuko dira. Au­zo­tar guztiak biltzeko, berriz, paella jatea edota bingoa an­tolatu dituzte, besteak beste.

Jolasak, puzgarriak, txokolatada eta buruhaundiak, ezin falta
Goizean goizetik, gaztetxoenek izango dute zerekin gozatu. Goizeko 10:00etatik aurrera, hainbat jolas egingo dira: zaku karrera, altxorraren bila, bi­zi­kletarekin egiten den zinta lasterketa... Eta segidan, 10:30etan, marrazkiak egiteko aukera ere izango da. Gainera, sariak izango dira denentzako.
Bestalde, eguerdi partean, urtero bezala buruhaundiak zirikatzeko aukera izango da. 
Bazkalondorenean, berriz, puzgarri eta ohe elastikoak jarriko dira, arratsalde osoan zehar, eta 19:30etan txoko­latada egingo da, indarrak berreskuratzeko. 
Bihar, berriz, besteak beste, gozogintza tailerrean parte hartzeko aukera izango dute 8 urtetik gorako guztiek. Tailerra Iturritxo Elkartearen lokalean emango da.

Txapelketak, estilo guztietan
Ohikoak diren beste hainbat zita ere ez dira faltako aur­tengoan. Gaur bertan egingo dira ping-pong txapelketa, umeen eta helduen toka txapelketa bana, edota mus txapelketa.
Bihar, berriz, azken urte­etan gero eta arrakasta haun­diagoa lortzen ari den txa­pelketan parte hartzeko auke­ra izango du sukalderako trebezia duenak: patata-tortilla txapelketa egingo da, eta hiru sari izango dira, gainera.
Azkenik, gaur hasi eta bihar bukatuko den txapelketa, Iturritxo Elkartea esku pelota txapelketa izango da. Gaur kanporaketak jokatuko dira goizeko 10:30etan, eta bihar, 11:00etan hasita, finalak.

Paella-jaterako txartelak salgai daude Gailur, Iñaxi eta Labeak okindegietan, eta mus txapelketarako izenematea txosnan egin behar da.

Bingoa, aurtengo nobedadea
Baina festetan urtero ekintza berdinak antolatzen direla uste duena, oker dabil. Aurten zita berezi bat jarri dute, gaur gaueko 23:00etarako: bingo herrikoia, hain zuzen.
Beste auzo batzuetan, Etxeberrin, adibidez, arrakasta haundia izaten duela ikusita, Latsunbeberri-Marielutseko festetara ere ekarri nahi izan dute ekitaldia. Horrela, auzotar guztiak elkartzeko aitzakia ederra izango da.

Paella-jatea eta sagardo dastaketa, tripa-hotsen kontrako sendagarri
Eta auzotarrak, eta, oroko­rre­an, hernaniar guztiak elkar­tzeko biderik eraginkorrena, tripa izaten da!
Atzoko sardin jatean argi geratu zen hori, eta gaur eta bihar ere, beste bi zita izango dira, lagunartean elkartu eta jan-edanarekin gozatzeko.
Batetik, gaur eguerdiko 14:00etan paella jatea egingo da, eta txartelak salgai egongo dira aurretik. 
Bihar, berriz, festak ahalik eta zapore onenarekin bu­katzeko, sagardo dastaketa egingo da eguerdian.

LATSUNBEBERRI-MARIELUTSEKO FESTAK 2016

GAUR, irailak 3
10:00-12:00, Betiko jolasak: zaku lasterketa, altxorraren bila, zinta lasterketa (bizikletan), zapi jolasa eta futbolina.
10:30, Marrazki entrega eta erakusketa, pista polibalentean (saria egongo da parte hartzaile guztientzat).
10:30, IV. Iturritxo Elkartea esku pelota txapelketako kanporaketak.
12:00, Trikitilariak eta buruhaundiak auzoan zehar.
14:00, Gazte nahiz helduentzako paella jatea, pista polibalentean.
16:30-19:30, Puzgarriak eta ohe elastikoak pista polibalentean.
16:30, Mus txapelketa pista polibalentean (izena eman behar da).
17:00, Ping-pong txapelketa, auzoko tenis pistan.
18:00, Haurrentzako Toka Txapelketa, pista polibalentean.
19:00, Helduen Toka Txapelketa, pista polibalentean.
19:30, Txokolatada, pista polibalentean.
20:30-02:00, Musika, pista polibalentean, TDJS (Txingudi deejays) taldeak eskainita.
23:00, Bingo herrikoia pista polibalentean.
00:00, Zezen suzkoa.
BIHAR, irailak 4
11:00-12:00, Patata tortilla txapelketa (entrega pista polibalentean). Sariak: 2 afari Latsunbe tabernan, 2 afari Tranbia tabernan, 2 afari Ilargi tabernan.
11:00-12:30, IV. Iturritxo Elkartea esku pelota txapelketako finalak.
11:00-13:00, Gozogintza tailerra Iturritxo Elkartean (8 urtetik gorako haurrentzat).
12:00-12:30, Lehiaketako tortilen epaia eta sari banaketa.
12:30-13:30, Trikitixa.
12:30-13:30, Sagardo dastaketa, pista polibalentean. Laguntzen dute: Altzueta, Rufino, Alberro, Otsuenea, Zelaia, Artola, Akarregi, Elorrabi, Gurutzeta eta Oialume Zar.
14:00, Festa bukaerako suziria.
*Edariak, ogitarte­koak eta pintxoak salgai txosnan, festen antolaketa ekonomikoki lagun­tzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!