Ekainara arteko salmenten arabera, nazioarteko merkatuetan euskal sagardoaren kontsumoak gora egin du, eta hala baieztatu du Petritegi sagardotegiak AEBetako New York eta Washingtonera abuztuan egindako bidaian.
Petritegiko Ainara Otañok azaldu duenez, «sagardoak salmenta aukera haundiak ditu nazioarteko merkatuetan, sagardoaren kontsumoa gora dijoalako, batetik, eta gure produktuaren ezaugarriengatik, bestetik; gure sagardoa desberdina da eta kanpoko kontsumitzaileari gustatu egiten zaio, baina azaldu egin behar zaio produktua eta bere kultura».
Otañoren ustetan beharrezkoa den azalpen hori, promozioaren bitartez egiten da, besteak beste. Lan horretan izan da, hain zuzen, Petritegi sagardotegia AEBtan; abuztuko aurreneko astean sagardoaren ekintzak egin ditu Astigarragako sagardotegiak New Yorkeko Murray’s Cheese Barren eta Washingtongo Anxo sagardotegian.
«Ekintza hauetan saltzaileekin lan egiteaz gain, produktua ezagutzera emateko balio dute, sagardoaren kultura, usadioa... izan ere, merkatu hauek asko baloratzen dute kultura hori, historia eta euskal sagardoaren izaera naturala eta betikoa», azaldu du Petritegi sagardotegiak ohar baten bitartez.