Batzarra egin zuen Hernaniko EH Bilduk pasa den asteazkenean, datozen hauteskundeak antolatzen hasteko. Alderdiak prentsa-ohar bitartez azaldu duenez, bertan, «zerrenda, aurreikusten diren lanak eta proposamenak aurkezteaz gain, lanerako gonbidapena egin genien herritar librez osatutako herri libre baten alde diren hernaniar guztiei».
Oharrean diotenez, «EH Bildun, proiektu politiko, sozial, ekonomiko eta kultural ilusionagarri bat dugu. Herritarrentzako herri proiektu bat, eta proiektu honekin lehen indarra izatea dugu helburu». Horretarako, udaratik lanean den hauteskundeetarako lan-taldea osatu dute.
Taldeak azaldu duenez, «kanpaina alai, bizi eta freskoa egin nahi dugu EH Bildutik. Gertukoa, herritarrekin batera egindakoa». Horregatik, beste bost lan-talde egin zituzten batzarrean: komunikazio eta propagandarena; auzoetan lan egiteko taldea; ekitaldiak antolatzekoa; sektoreekin harremanak landuko dituena; eta talde juridikoa.
Harremanetan jartzeko, bi modu
Lan honetan lagundu, informazio gehiago jaso edota zalantzak argitzeko, bi modu zehaztu dituzte: ehbilduhernani@gmail.com edo EH Bilduren Andrekaleko lokaletik pasatzea astelehenetan, 19:00etan.