Urtero bezala, emanaldi berezia antolatu du Hernani Musika Eskolako akordeoi taldeak ikasturtea hasteko. Pirritx, Porrotx eta Marimotots Atsegindegiko oholtzara igoko dira larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, eta bertan eskainiko dute Amalur, pailazo ezagunen azkeneko ikuskizuna.
Atzo egin zuten aurkezpena prentsaurrean, eta bertan izan ziren Koro Etxeberria kultura zinegotzia; Aitziber Ugartemendia, Katxiporretako kidea; Maribel Intxausti, musika eskolako zuzendaria; eta akordeoi taldeko partaideak.
Beste urtetan Porrotx ere bertan izan da, baina gaixotasun baten ondorioz ezin izan zen bertaratu. Dena den Ugartemendiak esan zuenez, «Porrotx indarberrituta etorriko da Hernaniko oholtzara»
Baserrian kokatua
Ugartemendiak berak azaldu zuen Amalur ikuskizuna: «Marimototsek baserritarra izan nahi du. Orduan, Ilargi haurdun dagoenez, Ilargiren baserrira joango dira laguntzera». Eta bertan, baserritarren bizitza islatzea espero dute: animalia eta lurrarekiko duten maitasuna...
Ikuskizunen baloreak
«Ikasturtea hasteko modu egokia» dela esan zuen Koro Etxeberria kultura zinegotziak, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunek eskaintzen dutena nabarmendu nahi izan zuen: «alaitasuna, irria, maitasuna, elkartasuna».
Sarrerak, salgai
Hori, eta gehiago, ikusi ahal izango da larunbat honetako ikuskizunean. Horretarako, Leokadisti eta Ikusi Makusi dendetan jarri dituzte sarrerak salgai, 7 euroan.