Urriza, garaiezina

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 29a, 02:00

Hasieran zalantza nagusi izan bazen ere, partiduaren erditik aurrera, garbi zegoen Urriza pasako zela finalera.
Larunbatean jokatu zen Buruz Buruko txapelketako au­rreneko finalerdia Gala­rretan, Urriza eta Utergaren artean. Azken honek ondo eutsi bazion ere, Urrizaren kontra aritzea benetan zaila dela ikusi zen. Irailaren 10eko finalean aurkari nor izango duen jakitea bakarrik falta da; larunbat honetan jakingo da: Barrenetxea IV edo Ion.

Uterga, gogotsu
Partiduaren hasieran ez zegoen ezer garbi. Urriza ez zen oso ondo hasi, eta Uterga, berriz, gogotsu atera zen kantxara. Bi paretakoarekin harridura sortu, eta Urrizaren aurretik jarri zen, 2 eta 5. 
Baina Urriza berehala esnatu zen, eta aurrea har­tzen hasi zen. Berehala 9 eta 5 jarri zen aurretik. Hala ere, Utergak ondo eutsi zion 10 eta 8kora iritsi arte. Ordutik aurrera, baina, Urrizak gero eta alde haundiagoa atera zion, 30 eta 20 irabazi arte.

Barrenetxea IVk berriro galdu, bikoteka
Bestalde, bikoteka jokatu zuen hernaniarrak larunbatean; oraingoan, Segurola­rekin, Ezkurra II eta Ionen kontra, eta berriro ere galdu egin zuen, 36 eta 40.
Biharko jaialdian ez du jokatuko, larunbateko finalerdirako kontzentratzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!