Akabo, Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga. Atzo jokatu zen, Errenterian, hamalaugarren eta azken jardunaldia, eta Hernaniko arraunlariek lan polita egin zuten; bosgarren eginda, sailkapen orokorreko seigarren postuari eutsi zioten.
Ostegunean, berriz, Kontxako Bandera jokatu ahal izateko sailkapena jokatuko dute.
Beste lau traineru atzetik, eta San Juan garaile
Estropada oso txukuna egin zuten atzokoan Hernaniko neskek. Bosgarren bukatu zuten, Deusto, Getaria-Zarautz, Hondarribia eta Colindres atzean utzita. Atzoko txapelduna, berriz, San Juan izan zen; 10:27,89ko denbora egin zuen, eta hernaniarrek, 11:05,70ekoa.
Hortaz, Hibaikak irabazi du Liga, 100 punturekin, eta Maialen seigarren geratu da, 45ekin. Atzean utzi ditu, Deusto, Hondarribia eta Colindres, 37, 24 eta 10 punturekin, hurrenez hurren.
Kontxako zazpi plazetako bat lortzeko, 10 traineru
Hurrengo erronka potoloa Kontxako Bandera du Hernaniko Maialen ontziak. Ostegunean, 17:30etan erlojupeko proba egin beharko du, Kontxako Banderan Donostiako Arraun Lagunak ontziarekin batean lehiatuko den beste zazpi ontzietako bat izateko. Hibaika eta San Juan dira faboritoak, baina Hernani gogor saiatuko da, Zarautz, Orio, Hondarribia, Deusto, Colindres, A Cabana-Ferrol eta Cabo bezala.