Auzotarrak eta herritarrak sardin jate herrikoiaren bueltan biltzen ari zirela, jai-giro ederra nabari zen atzoko iluntzean, Portu auzoan. Haurren marrazki eta pintura lehiaketarekin eta umeentzako parkingarekin hasi zen pizten giroa, goizean, eta eguerdiko 12:00etako suzirien eztandarekin batera lehertu zen festa.
Arratsaldean, jolasek, ur-teroko lorontzi lehiaketak, txokolatadak eta sardin jateak erakarri zuten jendea, eta gauean, ikaragarrizko kontzertuekin gozatzeko aukera izan zen.
Lorontzirik ederrena, Maria Luisarena
Urtero bezala, lorontzi lehiaketan jende asko bildu zen, ikusmiran.
Aurten, Maria Luisaren loreak edertutako lorontzia izan da irabazlea. Felirenak eta Pakirenak jaso zituzten bigarren eta hirugarren saria. Eta Juliarena izan zen orijinalena. Guztira, 12 partehartzaile izan ziren.
Asto karrerak, 65 urte
Festak segida izango du gaur eta bihar, eta dudarik gabe, gaurkoan asto karrerak izango du protagonismoa.
Arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira trostan, astoak, eta asto gaineko jineteak. Aurtengo karrera, 65garrena izango da.
Beste bi lehia ere izango dira gaur: Tiro Karabina Txapelketa, eta Mus Txapelketa.
Jolasak eta pailazoak, txikienentzako
Bestalde, atzokoan nahikoa jolasetan ibili ez zenak, gaur ere izango du aukera, makina bat proposamenen artean.
Batetik, goizeko 11:30etan hasita, hainbat jolasetan aritzeko tartea izango da: zaku karreretarako, lokotxetarako, aulki jokorako, ura eta irinaren jolaserako... Eta jolas horiek bukatuta, zinta lasterketa egingo da, egurediko 13:00ean. Nor izango ote da bizikleta gainean oreka mantentzeko abilezia eta punteria zehatzena dauzkana?
Bazkalondorenean, behin indarrak hartuta, tailerrak ere izango dira, 16:00etan hasita, eta arratsaldeko 19:00etan, Patxin eta Potxin pailazoek aterako dituzte irribarreak. Segidan, Laiotz musika taldeak umeentzako dantzaldia emango du. Afalondorenean ere, berriro joko du Laiotzek, ume haundixeagoentzako.
Greziako errefuxiatuei laguntza, bihar
Algarak eta festak ez du etenik izango bihar gauera arte. Baina hain ondo ez daudenak ere gogoan, sagardo dastaketa berezia egingo da bihar, Greziako errefuxiatuei laguntzeko.
PORTUKO SAN JOAN TXIKI JAIAK
GAUR, ABUZTUAK 27
08:00 Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
11:30 Haur jolasak: zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa, ura eta irinaren jolasa...
13:00 Zinta lasterka, opari zoragarriekin.
Jarraian, Tiro Karabina Txapelketa.
16:00 Mus Txapelketa, Pedro Mari tabernan.
16:00 Umeentzako tailerrak.
18:00 LXV. Asto Karrera, Zintzarri tabernak babestua.
19:00 Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.
Jarraian, umeentzako dantzaldia Laiotz musika taldearekin.
Ondoren, denok afaltzera, gauerako indarrak hartzeko.
00:00, Dantzaldia Laiotz musika taldearekin.
BIHAR, ABUZTUAK 28
08:00 Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
09:30 Diana, txistulariekin.
11:00 Pelota partidu interesgarriak.
12:00 Meza, auzoko hildakoen alde.
12:30 Sagardo dastaketa solidarioa (Zaporeak proiektua). Bildutako dirua Grezian dauden errefuxiatuei jatena ematera zuzenduko da. Itxaso, Maialen eta Uxue trikitilariek alaituko dute giroa. Parte hartuko duten sagardotegiak izango dira: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea eta Rufino.
13:00 XLII. Toka eta Bote Txapelketa.
14:30 Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik.
18:00 Ainara dantza eskola eta Shala dantza taldearen eskutik, batuka, funky, ballet, eta sabel dantza erakustaldia.
19:00 Euskal Jaialdia: motozerrekin egindako eskulanen erakustaldia.
Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.
00:00 Jaien amaiera, Laiotz taldearekin, zezen suzkoa eta azken traka.
* Jai Batzordeak eskerrak eman nahi dizkio ‘Hugo eta Eusebio’ tiro eta barraken arduradun den familiari.