Denboraldia bukatuta, pozik ageri zen Iñigo Llopis Sanz igerilari hernaniarra. Izan ere, Euskadiko txapeldun izan da, eta Espainiako Txapelketan, Espainiako errekorra lortu du 200 metro librean.
Lorpenak are gehiago borobiltzeko albistea, ordea, iritsi berri zaio: Rioko Joko Paraolinpikoetan hartuko du parte Llopisek.
Azken orduko erabakia
Ezustean iritsi da berria, Llopisentzat. Kirol Arbitrajerako Epaimahaiak hala erabakita, Rio de Janeiroko jokoetatik kanporatua izan da Batzorde Paraolinpiko Errusiarra, eta ondorioz, haiek libre utzitako plazak beste kirolarien artean banatu dira. Horietako bat lortu du, hain zuzen, Llopisek.
Hiru proba, dena jokatzeko
Donostiako Konporta taldeko igerilariak hiru proba egingo ditu Rioko Jokoetan: 50 eta 200 metro libreak, eta 200 metro estilo proba.
Irailaren 8an hasiko du lehia Llopisek.