Rivera de Dueroko Itzulian izan berri da Ander Amonarriz txirrindulari hernaniarra, baina oraingoan, Andoaingo Txirrindulari Eskolarekin parte hartu ordez, Ciudad de Oviedo taldean aritu da. Marka politak egin, eta Mendiko Saria irabazita, asteburu honetako proba dauka buruan, orain: Beasainen jokatuko den mundial aurreko klasikoa.
Igoera nabarmena
Aurreneko etapa larunbatean izan zuten, eta Amonarrizek 40garren bukatu zuen. Bigarren etapan, ordea, 7garren egin zuen, eta horrela, sailkapen orokorrean 18garren postuan geratu zen. Bestalde, erlojupeko proban ere hartu zuen parte, talde osoarekin.
Baina saria, mendian etorri zen. Izan ere, Amonarrizek irabazi zuen Rivera de Duero Itzuliko Mendiko Saria.
Mundial aurrekoa, larunbatean
Hurrengo zita, berriz, denboraldiko garrantzitsuenetakoa izaten da: Beasainen jokatzen den junior mailako mundial aurreko klasikoa.
Larunbatean izango da, 10:30etan hasita. Guztira, 112 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta Amonarrizek Kronikari aitortu zionez, «irabaztera» aterako da, «karrera guztietan bezala».