Pasa den astean kezka agertu zuen Kronikan BOJ, animalien babeserako elkarteak, Urumea ibaian hilda agertutako txakur bat jasotzeko «udaltzaingoak ez zuelako ezer egin».
Hernaniko Udalak bat egin du «elkarteak azaldutako kezkarekin». Baina ez dago ados «’akats larria izan da’ eta ‘udaltzaingoak ez zuen ezer egin’ salaketarekin».
Lanean, berehala
Udalak eskertu egin nahi izan du «elkarteak agertu duen kezka eta egin duen lana», baina argitu du, «osasun kontuak tarteko, arreta haundiz» jaso behar direla hilik agertzen diren animaliak. Horren harira, azaldu du «Udaltzaingo Saila, ibaian azaldu ziren hildako bi animalien abisua izan bezain pronto» hasi zela arazoa konpontzeko lanean.
Protokoloa jarraitu beharra
Arazoa, protokoloa da; Udalaren esanetan, hildako animaliak lehorrean azaltzen direnean, oso garbia da. «Txakur, katu eta bestelako animaliak hilik agertzen direnean, berehala erretiratzen dira; herri barruan bada, Udala arduratzen da, eta herri eremutik kanpo, Foru Aldundia. Uretan agertzen direnean, ordea, kasu hauetan bezala, protokolo bat jarraitu beharra dago».
«Dagoeneko Udala soluzio bidea zehazten ari da, gertaera errepikatuz gero, aurrerantzean nola jokatu jakiteko»
Hain zuzen, Udalak azaldu du udaltzainak horretan ari zirela, elkarteak animalia jaso zuenean. «Ura agentziarekin jarri ziren harremanetan. Honek jasotzeari uko egitean, Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin. Baina inork ardurarik hartzen ez zuenez, suhiltzaile eta enpresa pribatuekin jarri zen harremanetan». Hain zuzen, Fagollaga inguruan zegoen animalia suhiltzaileek jaso zutela argitu du, «nahiz eta beraien ardura ez izan», eta Ibaiondo poligono ingurukoa jasotzeko ere, garbiketa enpresa batekin lanean ari zirela, elkartekoek jaso zuten arte. Guztiaren harira, «soluzio bidea zehazten» ari dela azaldu du Udalak, «aurerantzean nola jokatu jakiteko».