Goizuetan dago Artikutzako parke naturala, nahiz eta Donostiaren jabegokoa izan, eta urtean behin bakarrik irekitzen dizkio ateak publikoari, aurretik erreserba egin beharrik gabe.
San Agustin eguna izaten da egun hori; datorren igandea, hain zuzen. Goizeko 08:00etatik aurrera, zabalik izanen dira Artikutzako ateak, eta egun osoko egitaraua ere izanen da.
Azoka, partiduak, herri kirolak eta musika
Egun osoan zehar artisauen lanak ikusi ahal izanen dira, jarriko den azokan: taloak, ogia, pastelak, gazta...
Horrez gain, bi taberna jarriko dira, jan-edanerako behar den guztiarekin.
Eta egun osoko egitaraua ere prestatu da: goizeko 11:00etan meza, Egi Eder otxotearekin; 11:30etan pilota partiduak, pasaka eta eskuz; 17:00etan aizkolariak, txinga eramaileak, lokotx bilketa eta harrijasotzaileak; eta 19:00etatik aurrera, dantzaldia, Xabi Dantzaleku DJarekin.
Kotxea aparkatu, eta ibilbidea egiteko aukera
Egun honetarako kotxeentzako aparkalekua antolatzen da urtegiari buelta ematen dion pistan. Alde batetik sartu eta bestetik atera beharko da, eta beraz, aparkatzean kotxeari bueltarik ez emateko eskatu dute.
Kotxea utzita, 4,5 km-tako ibilbide polita egin daiteke, porteriatik abiatuta, lehen trena pasatzen zen bidetik.