Buruz Buruko txapelketako lau sailkatuak zein izango diren erabakita, larunbatean hasiko da finalera pasatzeko lehia, eta bitartean, ohiko jaialdiak izango dira Galarretako frontoian. Aurrenekoa gaur, ikaragarrizko estelarra eta guzti.
B taldeko sailkatuak, Ion eta Ezkurraren kontra
Betiko ordutegian, arratsaldeko 16:00etan hasiko dira partiduak gaur, Galarretan, eta bigarrenerako, estelar ederra prestatu dute: Ezkurra eta Ion, Uterga eta Barrenetxea IVren kontra. Aurrenekoek dagoeneko bi partidu irabazi dituzte elkarrekin, eta beste biek ez dute zorterik izan bikote horren kontra.
Hala ere, norgehiagoka gogorra espero da. Izan ere, Buruz Buruko txapelketako finalerdietarako sailkatu dira bai Uterga eta baita Barrenetxea IV ere, eta atzelari hernaniarra, gainera, uztaileko erremontista onena izan zen, eta bide berean dijoa. Hain zuzen, Ion izango du aurkari Buruz Buruko finalerdian, eta gaur, haren jokoari erreparatuko dio.
Gainontzeko partiduetan, berriz, ondorengo erremontistek jokatuko dute gaur: Erburu-Garces/Beñat-Azpiroz; Matxin III-Zubiri/Ezkurra II-Aizpuru III; eta Goikoetxea V-Zaldua/Barricart-Larrañaga.