«Hemendik aurrera, etxean lanean jarraitu, eta ahal denean Hernanin jokatu!»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 21a, 02:00

Landareko atarian elkartu, eta be­rehala eman diote ongie­to­rria Genuari, inguruan zebil­tza­nek. «Hemendik lau urtera, berriro?», galdetu diote. «Ez dut uste!», erantzun du Genuak. «Ez da erraza», azaldu du. «Urtebete etxetik kanpo, familia ia ikusi gabe... Momentu oso onak, baina oso txarrak ere pasa ditut. Azken bi hilabetetan, bi egun bakarrik egin ditut etxean. Eta baten batek esaten dizu: etorri zara? Orain, lanera! Iritsitako tokira iristeko, lanik egin izan ez bagenu bezala!».

Itzuli berria zara Rioko Joko Olinpikoetatik. Bizitakoaz jabetu zara?
Uste dut ezetz. Oraindik ez zait iruditzen ezer berezirik egin dudanik. Badakit garran­tzi­tsua izan dela, baina ez naiz kon­tzie­nte. Txapelketa batean egon naiz, beste hainbat atle­tekin... COEko presidenteak esan digu kostako zaigula jabetzen.

Hernaniko Errugbi Elkarteari Riotik bidalitako bideoan zenioen «pertsona bezala hazi» egin zarela. Zertan nabaritzen duzu?
Kanpotik begiratuta, ikusten duzu kirolari bat, eta listo. Baina ikaragarria da zenbat su­fritu duten, bi minutuko proba baterako. Errespetu haundia hartu diet. Ikasi egin dut lan hori baloratzen. Lane­ra­ko dau­katen gaitasuna. Az­ken batean, emaitza askotan ez da nahi dena... Deskuido batengatik, garaipenak ihes egin dezake.


Kirola da nagusi, Jokoetan, noski. Baina zer gertatzen da egoitza olinpikoan? Festak, atleta ezagunak...
Festa gutxi ikusi dut nik! Ir­lan­dar bat mozkortuta bai, ikusi nuen! Phelps, Gasol, Nadal, Djocovic... Haiekin hitz egi­teko aukera neukan, egoi­tza olin­pi­koan barrena ibil­tzen den auto­busean, adibidez. Ikaragarrizko esperientzia izan da. Denek elkarrekin egiten genituen otorduak, karpa haundi batean, eta han ziren gehientsuenak. Nadal bat, nahiz eta diruduna eta ospetsua izan, zure atzean jartzen zen kolan, bazkaltzeko!

«Beti saiatzen naiz ahal dudana erakusten, harrobitik datozenei»

Eta jokoari dagokionez, zein balorazioa egiten duzu? Aurkari gogorrak zenituzten.
Guk merezi eta lortutako opa­ria izan da Jokoetara iristea. Baina kirolaria izanda, eta jo­las­ten ha­sita, konpetitu egiten duzu, irabazi egin nahi duzu. Pen­tsa­tu genuen Hegoafrika eta Aus­tra­liaren kontra partidu txukunak egitea, Fran­tziaren kontra irabazteko aukera izatea... Baina azkenean, ezin. Hala ere, Keniari irabazi ge­nion, eta aran­tza hori kendu ge­nu­en. Ez ginen barregarri geratu, eta egindako jokoarekin, gustora gaude.

Jokoak bukatuta, orain zer?
Orain artekoa epe jakin bat izan da, helburua zeukana Joko Olin­pikoetara iristea. Orain entre­natzailea aldatuko da, baina ez dakigu nor izango den, ez zein proiekturen alde egingo den, ez dirua egongo den (dirurik gabe, kirol profesionala ezinezkoa da), ez nerekin gogoratuko diren... Etxean la­nean jarrai­tzea daukat buruan, eta ahal dudanean, Hernanin jokatzea. 

Etxeko goxotasunean... Nola hartu zaituzte lagunek, familiak...?
Lagunekin oraindik ez naiz izan! Tilosetan norbait azal­duko ote zen gal­detzekotan nengoen, whatsapp bidez! Familia eta gurasoak, berriz, oso harro daude, eta pozik, osorik bueltatu naizelako, eta dagoeneko etxean nagoelako. Klubean ere, kanpotik bueltatu naizen aldiro galdetzen didate zer moduz ibili naizen, eta ni saiatzen naiz ikasitakoa za­bal­tzen.

Aukerarik badago zazpiko errugbian eta maila horretan ikasi duzuna Hernanira ekartzeko?
Noski. Keinu teknikoak, adi­bi­dez, zazpiko errugbian edo ha­ma­bostekoan berdinak di­ra. Beti saiatzen naiz ahal dudana era­kusten, harrobitik igotzen di­re­nei. Laguntzeko prest ego­ten naiz beti, eta askotan, en­tre­na­tzean, in­kon­tzien­teki egiten dut!

Kritikak ere izan dira, Espainiako Selekzioarekin jokatu duzula eta. Eragiten dizute?
Ez asko. Nik beti nahi izan dut goi-mailan jokatu. Euskal He­rria­rekin ezin da, eta Espai­nia­rekin nijoa. Goi-mailan, asko ikasi dut eta asko hazi naiz kirolari eta pertsona bezala. Eta amak erakutsi didan bezala, nork bere pentsamenduak izan ditzala.

Hemendik aurrera, asko al dauka Genuak, hazteko?
Joko Olinpikoak baino gehiago den zerbaitera iristea zaila da. Baina errugbian hazi naiteke pixka bat gehiago. Baina gero eta gogo haundiagoa daukat etxean hazteko, jatetxeari bul­tzada emateko. Familia, bikotea bertan ari dira, eta neri ere gus­tatzen zait. Gainera, errugbiak konpro­miso haundia eskatzen du. Aurten konpatibilizatu ahal izan ditut, baina oso zaila da. Hala ere, auskalo. Etxean lasai nagoenean deitzen badidate, orain urte eta erdi bezala.... Orduan errugbia ia utzita neukan, eta Joko Olinpikoetan bukatu dut!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!