Duela 75 urte, Bigarren Mundu Gerran zehar, naziengandik ihes egin nahian euskal Pirinioak gurutzatu zituzten europar askok, eta bertan izan ziren, laguntzeko prest, mugalariak deiturikoak.
Horietako lau hernaniarrak izan ziren; hain zuzen, Tomas Anabitarte, Florentino Goikoetxea, Juan Manuel Larburu eta Martin Errazkin. Eta horiek gogoratzeko omenaldia egin zuen atzo Bidasoa Askatasun Bideak taldeak, Osiñagako Loidi baserriaren aurrean dagoen oroigarrian.
Ekitaldi xumea bezain hunkigarria izan zen: Kantuz abesbatzako kideen ahotsek hasi zuten, ondoren testu bat irakurri zuten euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta bukatzeko, abesbatzak Txoriak txori abestu ondoren, Koro Etxeberria zinegotziak hartu zuen hitza, Udalaren izenean. Etxeberriak eskerrak eman zion taldeari «Hernanin memoria hau bizirik mantentzeagatik».