Atzo eman zitzaien hasiera Astigarragako Ergobiko jaiei, Ergobin hain ezaguna diren Arzallustarrak omenduz. Oholtzaren gainera igo ziren Andoni, Beatriz eta Joakin anai-arrebak, eta Jai Batzordeari eskerrak eman eta jaiei buruzko hitz batzuk esan ondoren, bi anaiek piztu zituzten suziriak.
Suziriari su ematearekin batera, eta Aritz Goikoetxea eta Agurtzane Irizar txalapartarien laguntzaz, lehertu zen festa: haurrentzat puzgarri eta jolasak, txokolatada, apar festa, eta eguna bukatzeko, musika pixka bat.
Egun herrikoia, gaur
Parranda beste egun baterako utzi behar izan zuten ergobitar batzuk, gaurko kros herrikoian parte hartu nahi badute behintzat. Inguruko mendi eta bideetan barrena, 10 kilometroko luzeera duen krosa da Ergobikoa, Bernardo Arzallusen oroimenez egiten den hamalaugarrena.
Goizeko 10:00etan hasiko da lehia, baina aurretik, 08:30etatik 09:30ak arte, irteeran egongo dira antolatzaileak izena eman nahi duenarentzat.
Etenik ez, gauera arte
Horren ondoren, 12:00ak aldera, zaldi proba egingo dute Ereñotzu, Hernani eta Asteasuko animaliekin. Eta jarraian izango da bazkari herrikoia, plazan jarri duten karpan.
Arratsaldez, Irrien Lagunekin gozatzeko aukera izango dute haurrek, eta Laiotz taldeak jarriko du giroa, gauez.
GAURKO EGITARAUA
10:00, IX Kross Herrikoia (XIV Bernardo Arzallusen oroimena). 10 Kilometroko lasterketa izango da inguruko mendi eta bideetan barrena.
12:00, Zaldi proba. Ordu erdiko lanean Ereñotzuko Imanol Paolla, Asteasuko Andoni Mendizabal eta Hernaniko Zerainen abereak.
14:30, Bazkari herrikoia. Jai giroa Bixente soinujoleak jarriko du karpan.
Menua: Tomate entsalada, piper berdeak, hegaluzea plantxan, txuleta, edariak, limoizko sorbetea eta kafea.
18:30, Irrien Lagunekin kanta eta dantza! Era berean, helatuak banatuko dira haurrentzat, Yalderen eskutik.
20:00, Laiotz taldea hasiko da lanean.
23:15, Zezen suzkoa.
23:30, Laiotz, amaierara arte.