«Gertatutakoa akats larria dela salatu nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 19a, 02:00

Hildako txakur bat atera zuen Animalien babeserako BOJ elkarteak aurreko asteko asteartean, Hernanin, Ibai-Ondo guru­tzatzen duen Uru­mea errekatik. «Usteltzen ari zen, eta oso gaizki usaintzen zuen», azaldu dio Kro­nikari Oscar Pa­-rrondok, elkartearen izenean. 

«Hernaniko udaltzaingoak aurretik jaso zuen abixua»
Parrondok azaldu duenez, «elkarteak Facebook bitartez izan zuen gertatutakoaren berri. Beraz, elkartearen izenean Hernaniko udaltzaingoari deitu genion. Beraiek esan ziguten Donostiako suhiltzaileek jaso behar zutela, baina suhiltzaileei galdetuta, eran­tzun ziguten beraiek ez dituztela hildakoak jasotzen». 
Ez batak ez besteak jaso­tzeko intentziorik ez zuela ikusita, BOJ Elkarteko bi kide, tartean Parrondo bera, Ibai-Ondora gerturatu ziren: «Oso erraz iritsi ginen txakurrarengana, edozein haur iristeko moduan zegoen. Txip irakur­tzailea pasa genion txakur galduren bat zen ala ez jakiteko, baina ez zuen txipik. Hor­taz, zakar boltsa batean sartu eta udaltzaingora eraman genuen, beraiek modu higieniko batean bota zezaten».

Etxe-abereak, udal eskumena
Gertatutakoa ikusita, BOJ Elkarteak egoera salatu nahi du: «Araudiak dio etxe-abereen kontuak udal eskumena direla, osasun sailarekin el­kar­­lanean. Horregatik udal­tzaingoaren aldetik, gertatutakoa akats larria dela salatu nahi dugu. Are gehiago, partikularren eta elkartearen hainbat abixu jaso ondoren ez zutelako ezer egin». 
Ohikotzat jotzen du Oscar Parrondo elkarteko kideak horrelako gaien inguruko sentsibilitate eza, baina dioenez, «dagoeneko osasun kontuetan sar­tzen ari ginen». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!