«Hernani da nesken taldea duen herri bakarra»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 18a, 02:00

«Ekuadortarrek dugun bizio bakarra da». Hala des­kri­batzen dute Carmen Guaman eta Alejandra Garzon ama-alabek ekuaboleia, Ekua­do­rren hain ezaguna den kirola. 
Hondartzako boleiarekin antzekotasunak dituen kirola da, baina Alejandra Garzonek azal­tzen duen bezala, baditu bereizgarri batzuk: «sarea mo­tzagoa da, 1,80 metro neurtzen ditu; talde bakoitzak 3 jokalari ditu, eta ordezko bat; eta bu­katzeko, baloia desberdina denez, estiloa ere aldatzen da, he­men baloia denbora luze­agoz eduki daite­ke eskuetan».

Duela 7 urte, Hernanin
Dena den, Hernanin da­goeneko ezaguna da. Izan ere, badira 7 bat urte Her­naniko ekua­dortarrek kirol hau herriko zelaietara ekarri zu­te­netik. Orduan, Carmen Gua­man izan zen bultza­tzaileetako bat: «hasieran Gabriel Ze­laia ondoko plazan joka­tzen genuen, zelai txiki-txiki ba­tean. Guk bagenekien in­guruko herri guztietako ekuadortarrei Udalak zelai bat utzi zietela jolasteko, horregatik, Udalera joan ginen ni (Carmen Guaman) eta beste kide bat». 
Eskaera formala egin, eta Karabelen montatu zuten kantxa, bertan parkinga egin zuten arte. Ordutik, orain dela 3-4 bat urtez geroztik, Gabriel Zelaiako zelaian topatzea da ohikoena.

Duela 3-4 bat urte daramazkite Gabriel Zelaiako zelaian jokatzen.

«Eguraldi ona edo txarra egin, ahal dugunean elkartzen gara»
Ekuadortarrentzat «bizio sa­noa» dela diote Guaman eta Garzonek, eta «engan­txa­tuta» daudela onartzen dute. Horregatik, udara edo negua izan, entrenatzera joaten di­ra beti: «eguraldi ona edo txa­rra egin, ahal dugunean el­kar­tzen gara. Ordu edo egun zehatzik gabe, wha­tsa­ppez abixua pasa, eta be­rehala zabaltzen da». 

Nesken taldea, bereizgarri
Hernani eta inguruko ekua­dortar asko elkartzen dira he­rriko zelaian, baina Her­nanik, inguruko herriekin konparatuta, badauka bere­zitasun bat, Carmen Guaman bul­tza­tzaileak harrotasunez onar­tzen duena: «Hernani da nesken taldea duen herri bakarra. Orain, hiru talde osatzeko aukera izan dugu». 

Txapelketa, duela bi aste
Hori aprobetxatuz, nesken txapelketa egitea bururatu zitzaion Guamani: «txa­pel­keta haundia egin nahi ge­nuen, Madrileko eta Lo­groñoko taldeak gonbidatu... baina hemengo neskek ez dute beraien aurka jokatu nahi, beraiek pro­fesionalak direlako. Orduan, ‘ahizpen’ arteko txapelketa egin ge­nuen, aurrenekoz». Horre­tarako, AMHERren laguntzari esker, La Caixak sariak eta dominak eman zizkieten txa­pelketarako. «Eskerrak eman nahi dizkiogu La Caixari opariengatik, eta baita ere langile bat egon ze­lako hemen gurekin, pres­taketa lanak egiten».
Txapelketa eguna gainera, ez zen nolanahi aukeratu. Eku­a­dorreko Indepen­den­tziaren aurreneko oihua os­pa­tzen den egunaren buel­tan, abuztuaren 10ean, egin zu­ten torneoa, beraz, festa be­rezia izan zen inguruko herrietako ekuadortar guz­tientzat: bazkari tipikoa, Eku­a­­dorreko bande­ra, mu­sika tradizionala...
Sentsazio ezinhobearekin joan ziren denak etxera, ho­rre­gatik diote: «ea datorren ur­tean erre­pikatzeko aukera dugun; zerbait polita­goa, kanpoko jende­arekin... Guk nahiko genuke!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!