Bi jardunaldi besterik ez zaizkio falta Maialen nesken traineruari Gipuzkoako Traineru Liga bukatzeko. Herenegun izan zuten estropada azkenekoz, eta seigarren egin zuten hernaniarrek, 11:36,73, Hibaika txapeldunetik 50 segundora.
Emaitza ona eta estropada polita azkenaldian, Juanjo Etxarte entrenatzaileak adierazitakoaren arabera, «zulo batean» zegoen taldearentzat.
Azkeneko bi zitetan, buelta
Nesken traineruko entrenatzaileak azaldu duenez: «zulo batean sartuta egon gara azkenaldian, baina gure egoerari buelta emateko aukera izan dugu azkeneko bi estropadetan. Orain gustora gaude, gure lekura etorri garelako sentsazioarekin». Hau da, «Arraun eta Getariarekin borrokan» egotera bueltatu dira.
Eta bueltatu bakarrik ez, Ligako azkeneko jardunaldietan bertan geratuko direla ere uste du Etxartek: «sailkapenean seigarren gaude, aurrekoa urruti daukagu, eta Deusto ere bai, beraz, postu hori nahiko seguru daukagu».
Colindresera joateko autobusa jarri dute, zaleentzat.
Kontxa, erronka berria
Beraien lekua berreskuratuta, Kontxa da Juanjo Etxarte eta Maialen traineruko nesken hurrengo erronka: «Kontxa prestatzen ari gara; 15 egun geratzen dira, eta ondo iritsi nahi dugu. Gainera, Kontxako txartelak garesti egongo dira aurten, eta gu hortxe egongo gara, borrokan».
Hurrengo zita, Colindresen
Kontxa buruan badute ere, Colindresen izango dute hurrengo zita larunbat honetan, 18:30etan. Autobusez egingo dute bidaia Kantabriako herrira, eta zaleentzat lekua dutela jakinarazi dute. Txartelen prezioa 10 eurokoa da; kamixetarekin, 15 euro. Informazio gehiagorako, idatzi: hernani.arrauna@gmail.com.