Euskal Herriko Torneoaren 8garren jardunaldia, txapelketako azkena, jokatu zuten junior mailako txirrindulariek joan den igandean Azkoitian. Eta bertan izan zen Urko Semperena astigartarra, Iruñerriko Itzulian jasandako erorketatik jada osatuta.
Sailkapen orokorrean, 11garren
Denboraldi osoan zehar jokatu den Torneoko jardunaldi honetan, 18garren iritsi zen Semperena helmugara, baina sailkapen orokorrean, 11garren postua lortu du. Horrez gain, junior mailako aurreneko urteko hirugarren txirrindularia izan da.
Gainera, taldekako sailkapenean, Urko Semperenaren taldeak, Construcciones Victor Alvaro-Silamek, bigarren postua lortu du bere txirrindulariei esker.
Lazkano, Torneoko garaile
Tolosako Limousin taldeko Luis Mari Garikanok irabazi zuen azkeneko etapa hau; Asesores de Navarra taldeko Arturo Gravalos izan zen bigarren, eta Atracciones Sanzeko Aitzol Odriozola azpeitiarra iritsi zen hirugarren helmugara.
Dena den, sailkapen orokorrean egoera guztiz desberdina izan zen: Arabako El Proex taldeko Oier Lazkano izan da Euskal Herriko Torneoko txapelduna, Ander Amonarriz Andoainen jokatzen duen hernaniarrak lortu du bigarren postua; eta azkenik, Ulma taldeko Mikel Arregik, hirugarrena.
Aste honetan, atsedena
Junior mailako txirrindularientzat atsedenerako astea izango da hau, eta abuztuaren 27an izango dute hurrengo proba, Beasainen.