«Herritarrek izan behar dute beraien herrien as­ka­pen prozesuen gidari; herriak esan behar du nora joan»

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 14a, 02:00

Egun batzuk badira Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina hasi dela. Euskal Herriko hainbat bazterretan ari zarete EH Bilduren mezua zabaltzen, eta gaur, zu eta Nerea Kortajarena izango zarete Hernanin. Zer transmititu nahi du EH Bilduk gaur Atsegindegin? 
Ezkerreko subiranistok herri honentzat proposamen gauza­ga­rri bat dugula eta posible de­la herri honetan akordio po­li­tiko zabalak erdiestea mu­rriz­keta sozialen aurka, ga­taz­karen erresoluzioaren alorre­an eta guztiok hobeto bizi­tzeko garatu daitezkeen po­litikak hemen diseinatzeko burujabetza lortzean. Horre­tarako EH Bildu erabakiorra izango da.

Zer aldatu nahi du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean? 
EH Bilduk Legebiltzarrean egon­­go den erabakitze esku­bi­de­aren aldeko gehiengo ho­rrek pausuak ematea nahi du, az­ken urteetan herri bezala ez bai­tugu ezer aurreratu eta al­di­berean, Europatik eta Es­paini­a­tik etorriko diren mu­rrizketei aurre egiteko tinko­tasuna adie­­raziko du. Azke­nik, ga­taz­karen ondorioetan aurre­ra­pau­soak emateko eki­men iraun­korrak plan­teatuko ditu.

Behin eta berriz erabili duzuen lema da: Lehendakari onena, herria da. 
Hala da, herritarrek izan behar dute beraien herrien as­ka­pen prozesuen gidari. He­rri­ak esan behar du nora jo.

Aurrekanpaina mugitua izan da EH Bildurentzat, Arnaldo Otegiren prozesua medio. B planik ez duzuela diozue... Nola egingo diozue aurre egoera honi?
Arnaldo Otegi da EH Bilduko oinarriak erabaki duen lehen­­dakarigaia. Estatu espaini­arrak beste behin bere talante demokratikoa eta botereen banaketa zertan den argi erakutsi digu. Tranpa egingo zutela genioen eta egin dute. Momentua iristean eta hau­teskundeak pasa ondoren oina­rri sozialak erabaki be­har­ko du nor izango den hautatua.

Argitaratu diren azken inkestetan EH Bildu izango da bigarren indarra. Lehendakaria izan nahi duenak ordea, akordio edo babesen bat beharrezkoa izango du. Zein izango da EH Bilduren jarrera?
EH Bilduk proposamen bat egin die EAJ eta Podemosi akor­dioak erdiesteko: Herri­tarron bizitzak hobetu, Euskal Herriaren aitortza lortu era­bakiak hemen hartzeko me­ka­nismoekin batera eta bake­gintzan aurrera egin, erre­presaliatu guztiak etxe­ratu arte. Ardatz horien ingu­ruan adostasunak lortzeko lan egingo dutenekin hitz egiteko prest. Besterik dira goberna­ga­rritasun kontuak, baina hori­ek ez gaituzte kezkatzen.

Gipuzkoako zerrendetan bosgarren zaude zu. Gipuzkoako Diputazioan, Martin Garitanoren legealdian diputatu eta bozeramaile lanetan aritu zinen. Lau urteko lanaren ostean berriz ere listetan ez agertzea erabaki zenuen. Indarberrituta al zatoz?
EH Bilduko oinarri sozialak nire izena toki askotan pro­posatu zuen eta nik errespetu haundia diot militantziari eta barne demokraziari. Hori da nire baietzaren arrazoi na­gusia. Bestetik, Ezker Aber­tzalean egon den Abian erre­flexio prozesuak eta orain Sorturen birfundazioak ilu­sioa berpiztu didate eta EH Bil­du bera ere mugimendu be­za­la indartzen ari da, aniz­tasun eta ideologia ezberdinak ba­tzen dituen proiektu bat izaki. 
Halere, abokatua naiz eta bulegoan jarraituko dut lane­an. Legebiltzarra militantzia esparru gisa daukat, ez naiz modu profesionalean arituko eta beraz, nire dedikazioa xu­meagoa izango da.

Zer emango dio Larraitz Ugartek EH Bilduri eta Eusko Legebiltzarrari? 
Instituzioak barrutik ezagu­tze­aren eta kudeaketaren es­pe­rien­tzia nagusiki, ez baita berdin oposizioan edo Gober­nuan jardun izana. Lantalde indartsu bat egingo dugu profesionalki ezaguna den eta freskotasun handia duten pertsonen eta esperientzia dugunon artean. Bestetik, militantea naiz eta feminista. Horrek Legebiltzarreko jardu­narekin autokonplazentzia gutxi izatea eragingo dit, seguru, ez konformatzera, borrokatzera baizik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!