Euskal Herrian zehar, herri asko dira San Roke eguna ospatzen dutenak, eta gure inguruan ere, bada tradizioa. Hain zuzen, Aranoko San Roken eta Astigarragako Santiomendiko ermitan festa giroa izaten da nagusi urtero. Aurten ere, ez diote hitzordu berezi honi hutsik egin nahi; horretarako, ekintzaz betetako egitaraua antolatu dute gaurko.
Txistulariak nonahi, Aranon
Txistuaren doinuek protagonismo berezia izaten dute Aranoko San Roke egunean, eta are gehiago, aurten. Izan ere, Patxi Apezetxea eta Joseba Sebastian txistulari hernaniarrak omenduko dituzte, Aranoko San Roke egunean egiten duten lanagatik. Horretarako, ez dira faltako, txistularien goiz eta eguerdiko kalejirak, ezta Kontsejupen eginen duten bazkari herrikoia ere.
Santiomendin, festarik festa
Festa batetik bestera egingo dute Santiomendiko bizilagunek. Atzo giro ezinhobea izan zen auzoko jaietan, eta gaur, musika eta dantza ermitara lekualdatuko da. Bertan izango dira, Astigar taldeko dantzariak eguerdiko 12:00etan, eta ondoren, labeldun oilasko jatea eta berbena, Alaiki taldearekin.
SAN ROKE EGUNA
ARANOKO SAN ROKE ERMITAN
10:15 Txistularien topaketa Herriko Plazan
10:30 Antonio Ezeizaren eskutik,
kanpaikada San Martin parrokiatik
10:40 Txistularien kalejira San Roke ermitara, eta bertaratutakoei harrera
11:00 Santuaren omenezko meza nagusia Esteban Irurzunen eskutik
12:15 Txistularien kalejira ermitatik herrira
12:30 Herriko gazteen arteko pilota partiduak
13:30 Txistularien kalejira herrian zehar
14:30 Bazkari herrikoia Kontsejupen txistulari eta akordeoilariarekin
19:00 Jaiei agurra Agur Jaunak abestuz
SANTIOMENDIKO ERMITAN
11:00 Meza
12:00 Astigar taldeko dantzariak
14:00 Labeldun oilasko jatea