«Ikaragarrizkoa da Ingalaterrako hegazkinlari beteranoek nola bizi izan zuten gerra, ze sentimendu sortzen dien»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 15a, 02:00

Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak antolatuta, DSS2016 ekitaldien barruan, men­di ibilbideak eta mugalariei omenaldiak antolatu dira abuztuaren 19 eta 20rako.
Izan ere, Bigarren Mundu Gerra garaian, sare klan­des­tinoa sortu zen Euskal Piri­ni­oa­k eta Bidasoa inguruan, naziek okupatutako Euro­patik ihes egiten zutenei la­gun­tzeko. Hainbat eus­kal­dun aritu ziren la­gun­tzen, eta oroimen his­toriko hori berreskuratzeko la­netan da­bil Bidasoa As­katasun Bide­ak. Hernani BHI ins­titutuko ikasleak ere gonbidatu zi­tu­en, mugalari euskaldunek la­gunduta ihes egindako he­gazkinlari inge­les beteranoak ezagutzera.   

Intxortako lubakietatik, hegazkinlariengana
Hernani BHI institutuko ikas­leetako bat da Ihintza Ruiz; Yorkera bidaiatu due­ne­tako bat. «Otsailean Elgetara joan ginen Historia Ga­raikideko ikasleok, Intxor­ta­ko mendia eta Gerra Zibi­la­ri buruzko gertaerak eza­gu­tzera. Autobusean, irakas­le­ak esan zigun Yorkera joa­teko aukera ge­nuela».
Hernani Hizkuntzak aka­demiako irakaslea, Joe Li­ne­han irlandarra, Bidasoa As­ka­ta­sun Bideak elkarteko or­dez­ka­rietako bat da, eta hark bi­de­ratu zuen gon­bi­dapena ins­ti­tutura. 11 ikaslek (Jon Bravo, Alazne Aldaytu­rria­ga, Olatz Ollo, Lide Ro­dri­guez, Ihintza Ruiz, Aratz Ur­dangarin, David Cuenca, Ai­tor Ollo, Lierni Zi­n­ku­negi, Olatz Arca eta Javi Diazek) lau egun pasa zituzten api­rilean Yorken (Inga­late­rra), ELMS, Ihesbideen Oroi­tza­penezko El­kar­tearen urte­roko batzarrean. 

«Beteranoek oso ondo hartu zituzten gure galderak; horrela, ez delako galduko haien historia»

«Betiko markatu gaituen bidaia izan da»
Mugalari lanetan ibilita­koe­kin, gerra beteranoekin eta haien senideekin elkartu zi­ren ikasle hernaniarrak. «Au­rrena bazkaria egin ge­nuen, eta Italiako parti­sa­no­ak eza­gu­tu genituen. Gero, be­terano eta senideak». Agu­rra dan­tza­tu eta bertsoa kan­tatu ere egin zuten Eden Camp muse­o­an, Euskal Pirinioetan ba­rre­na ihes egindako hiru hegaz­kin­lari beterano omentzeko: Bob Frost, Gordon Mellor eta George Duffee. Hain zuzen, hiru beteranoak Hernanin izanak dira 2010ean, Nadine Dumon, Comete Sarearen sortzailearekin batean, ihes egiten lagundu zieten mu­galariak omentzen; tartean, lau hernaniar: Tomas Ana­bi­tarte, Martin Errazkin, Juan Ma­nuel Larburu eta Flo­ren­tino Goikoetxea.
«Gutako askok ez ge­ni­tu­en istorio horiek ezagutzen, eta ikusgarria izan da haien bidez ikastea. Ikaragarrizkoa da Ingalaterrako hegazkin­la­ri beteranoek nola bizi izan zuten gerra, ze sentimendu sortzen dien. Haien kezka da historia galtzea; ez dira oso baloratuak sentitzen. Horre­ga­tik, oso ondo hartu zi­tuz­ten gure galderak; horrela, ez de­lako galduko haien his­toria. Betiko markatu gai­tu­en bidaia izan da».

Iheslariei lagundutako mugalariak omentzeko, mendi ibilbideak
Ikasleei ez ezik, herritar guz­tiei zabaldu nahi die gon­bi­da­pena Bidasoa Aska­ta­sun Bi­deak elkarteak, oroimen his­toriko hori berreskuratzeko.
Horrela, mugalariek era­bi­li­tako ihesbideak eza­gu­tze­ko bi mendi ibilaldi egingo di­ra abuztuaren 19an, Urru­ñatik Oiartzunera; bat egu­nez, eta bestea gauez, tar­tean Maritxu Anatol eta Sa­robe baserria omenduz. Abuztuaren 20an, berriz, beste lau omenaldi: Maria Garayar eta Pe­dro Arbide Oiartzunen, Maria Ar­bi­de eta Ignacio Urbieta Errenterian, Bernardo Aracama Grosen, eta lau hernaniarrak, Loidin. Parte hartzeko izena eman behar da: askatasun­bide­ak@gmail.com. Informazio gehiago, beheko loturetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!