Gazteek atzo jarri zuten txupinazoa botatzeko zita, eta gaur, Umore Ona abesbatzak lehertu araziko du itxaferoa, Goizuetako Amabirjin jaiei hasiera ofiziala emateko. Eguerdiko 12:00etan izanen da hori, baina aurretik, 10:00etan hasita, Berriozar, Mutriku eta Goizuetako erraldoi eta buruhaundiak kalejiran ibiliko dira.
Pilota eta musika gaur, nagusi
Itxaferoa lehertzearekin batera, Igandea txarangak jarriko du festa giroa, eta txosna irekiko da.
Arratsaldea, berriz, pilota partiduekin hasiko da, 17:30etan: O. Apezetxea eta Eskudero, Olazabal eta Olaizola IIIren kontra, eta Aritz Lasa eta Pascual, Olaizola I eta Otxandorenaren kontra.
Igandea txarangak segiko du gero, eta iluntzeko 20:00etatik aurrera, musika gehiago izanen da: Gabezin taldaeren berbena plazan, eta Igandea txaranga eta DJ Txoko, ikastolan.
Amabirjin eguna, bihar
Atzoko paella janari esker hartutako indarrak Urumean behera eta kontzertuetan dantzan gastatu ez zituenak, gaurko itxaferoaren indarrari segi beharko dio. Biharko, Amabirjin eguneko goizeko 09:00etako dianara arte iraunen ote du inork?
Autobusak gaur
Goizuetatik: 09:00etan (2) eta 17:00etan. Hernanitik 10:00etan eta 18:00etan.