Guztira, 31 ikastaro prestatu dira Biterin, 2016-2017 ikasturterako. Hala azaldu zuten ostegunean, Agurtzane Aizpuru eta Koro Etxeberria, kultur teknikari eta zinegotziak, hurrenez hurren. Berrikuntzen artean nabarmendu zituzten 2 urtetik aurrerako umeentzako ikastaroak eta denbora laburreko ikastaroak.
Datozen egunetan etxeetako buzoietan banatuko dituzte aukeran dauden ikastaroen zerrendak eta izenematearen inguruko informazioa; irailaren 1etik 7ra egin beharko da aurrematrikula.
Bi urteko umeentzako ere, aukera
Ikastaroetako 25, helduentzako izango dira, eta beste seiak, haur eta gazteentzako. «Ikastaro asko mantendu egin dira, harrera oso ona izan dutelako eta eskaera dagoelako», azaldu zuen Etxeberriak.
«Baina haur eta gazteentzako ikastaroak ere sortu ditugu, eta arreta jarri diegu 2 urtetik aurrerako umeentzako ikastaroei. Hernani Erabaki partehartze prozesuan umeentzako kultur ekitaldi gehiago eskatu ziren, eta sormenaren mundura gonbidatu nahi izan ditugu txikienak».
Bi eta bost urteko umeentzako, hain zuzen, Sormena Lantzen ikastaroa jarriko da martxan; dantza, antzerkia eta psikomotrizitatea lantzeko. «Antzerkia eta pintura mantendu egin dira, eta beste hiru sortu dira, gorputza, mugimendua, psikomotrizitatea... lantzeko», gehitu zuen Aizpuruk. Umeentzako ikastaro guztiak, euskeraz izango dira.
Aurrematrikula irailaren 1etik 7ra egingo da. Jende gehiegik izena emanez gero, zozketa irailaren 9an egingo da, eta matrikulak, irailaren 12tik 16ra.
«Denbora ez dadila muga izan»
Beste berrikuntza, denbora laburreko ikastaroak dira, Etxeberriak azaldu bezala: «batzuek ez dute izena ematen ikastaroetan, urte guztikoak direla eta. Denbora muga izan ez dadin, denbora laburreko ikastaroak prestatu ditugu». Argazkilaritza digitala, sasoiko produktuekin egindako sukaldaritza, eta pinxo sukaldaritza dira, ikastaro horiek.
Auzoetan debaldeko tailerrak, umeentzako
Bestalde, auzo elkarteetan ematen diren umeentzako debaldeko tailerrak mantendu egingo direla nabarmendu zuten. Iaz, 5-11 urte bitarteko 247 umek eman zuten izena, eta aurten ere aukera izango da: Elizatxon, Lizeagan, Ereñotzun, Portun, Iturritxon, Antziolan, Zikuñagan, Sorgintxulon eta Karabelen.
Tailer hauetarako izenemateak auzo elkarteek antolatzen dituzte, eta irailean irekitzen dira epeak.
Euskera, bermatua
Nabarmendutako beste gai bat izan zen «Udalak euskeraren inguruan egindako lanketa, kirol eta kultur ikastaroei dagokienez. Ikastaroetan izena emandakoen artean galdeketa egin, eta 573 erantzun jaso genituen maiatzean: %97,5 gustora azaldu zen hizkuntzaren erabileraren inguruko irizpideekin», azaldu zuen Etxeberriak.
Horrela, haur eta gazteentzako ikastaro guztiak euskeraz izango dira; baita helduentzako 25 ikastaroetatik 11 ere. Gainontzekoetan, berriz, 3 aukera daude, erabiltzaileen arabera: ikastaroa euskeraz izatea, erabiltzaileen ulermen maila ona bada; ikastaroa euskeraz, eta behar diren azalpenak gaztelaniaz ematea, erdiek euskeraz badakite; eta ikastaroa gaztelaniaz eta behar diren azalpenak euskeraz ematea, erdiek ere euskeraz ez badakite.