Hamar urte betetzen ditu aurten, Goizuetako Umore Ona abesbatzak, eta festetako txupinazoa botatzeko gonbidapena egin die herriak.
30 lagunek osatzen dute korua, eta Eneko Amundarain zuzendari irundarrarekin, 31 dira. «Gehientsuenak hasieratik gaude. Baten bat bigarren urtean hasitakoa da. Gainontzean, zoritxarrez, erreleborik ez da etortzen!», diote. Baina hasi dira amua bota nahian: «Hasi ginenean 10 urte gazteagoak ginen! Orain, gazteenak 37 urte dauzka, eta zaharrenak, 83. Baina zuzendariak, 24 besterik ez...». Festak ere aprobetxatuko dituzte, baten bat xaxatzeko.
Pozik hartu al duzue txupinazoa botatzeko gonbidapena?
Ohorea da guretzat! Pozik hartu dugu! Udaletxeak eta kultur taldeek proposatu zuten, eta gure partetik ere insinuaziorik izan da... Badauzkagu koruan eta udaletxean ari direnak eta...
Itxaferoa nola bota pentsatu al duzue? Denak ez zarete kabituko...
Udaletxeko balkoia haundia da, eta kabituko gara; bestela, arrimatuko gara!
10garren urteurrenarekin iritsi zaizue gonbidapena. Nola hasi zineten?
Kultur taldeak bultzatu zuen. Ekitaldi batzuk lehenago ere egiten ziren. Dantza taldea, adibidez, desegin zen, eta berriz sortu zen. Izena, berriz, Peñatik etorri zen. Umore Ona izena zuen, eta hortik elkartea sortu zen, soziedadea, eta barruan, atalak: futbola, pelota, dantza... Eta baten batek esan zuen; zergatik ez egin, koroa? Talde asko izateko herri ttikia da hau, eta elkartea erdian, denak familia bat gara. Izena eta izana transmititu dizkigu. Baina korua nola sortu ere ez genekien! Deialdia egin zen: kartelak jarri, Ttipi-Ttapan azaldu... Eta bigarren bilerarako, 50 bat lagun elkartu ginen. Beste leku batzuetan kantu-jirak eta, hasiak ziren, eta horrelako zerbait espero genuen. Askok uste genuen mahai-inguruan kantari aritzeko zela...
Laguntzarik izan zenuten, orduan?
Problema zen, 50 lagun horiei ze erantzun eman. Imanol Kamiori deitu genion laguntza eske. Hark, berriz, Hernanira joateko esaten zigun, eta guk, ezetz, hementxe hasi nahi genuela! Horrela, haren laguntzarekin, eta Igaratza Apezetxea zuzendari genuela hasi ginen. Musikari ona; pianoa jotzen zuen, eta zuzendaritzarekin hasi zen, gurekin.
Zuzendaria eta guzti lortuta, profesional ere egin zarete!
Pixkanaka bai! Ikasten ari gara. CDa ere eskatzen digute eta, demanda dagoenez, egin beharko dugu!
Estiloa ere finkatu al duzue? Nork erabakitzen du hori?
Zuzendariak aukeratzen ditu kantak! Denetik egiten dugu: popurria, kantu afrikarrak, euskaldunak, ingelesak...
Zuzendari bakoitzak bere estiloa markatu du?
Igaratzarekin hiru urte egin genituen. Gero, Kataluniako Nuria Colomerrekin aritu ginen; Beran bizi zen, eta asko ikasi genuen berarekin. Eta orain, Eneko Amundarainekin ari gara. Bata bestearen ordezkapena egitera etorri, eta geratu egin dira. Bakoitzak bere estiloa dauka bai, baina proposamenak ere aditzen dituzte! Beste zuzendaria, berriz, Juan Antonio Lekuona dugu! Elizan egiten ditugu emanaldi gehienak, kantidadez eta kalidadez. Koro tradizionalaren eta parrokikoaren funtzioak betetzen ditugu, eta honetan, Lekuona dugu zuzendari. Berak prestatzen ditu kantuak, letrak...
Eta kantatzeko zer behar da?
Gogoa. Lotura eta disziplina eskatzen ditu... Ostiralero entsaiatzen dugu eskolan, 19:30etatik 21:30etara. Gazte gutxi etortzen da. Deialdia egiten saiatzen gara, baina ez dute lotura hori nahi. Hernaniko Kantuz eta Ozenkin ere antzekoa gertatzen da... Orain, gure zuzendariak 24 urte dauzka e! Aranokoekin bagenuen esperantza... Zer edo zer prestatu beharko dugu!
Baten batek beldurra izango du, proba zailegiak jartzen ote dituzuen koruan sartzeko...
Orain 10 urte proba egin eta aurkeztutako guztiak balekoak izan ginen! Denak hemen gaude! Hitz egiten duen guztiak balio du kantatzeko!
Urteurrenarekin jarraituz, prestatu duzue ospakizunik festetan edo aurreragorako?
Auroroak urtero ateratzen gara, eta bestela, kriston umorea eta libertade haundia izaten dira, eta festetarako ez daukagu beste ezer. Urte bukaerarako ari gara, Hernaniko Musika Bandarekin...