Musikarik ezin falta, festa giroa jartzeko, eta aurten ere nahikoa izanen da, Amabirjinetan. Gainera, edonoren gustora egokitutako estiloak aurkitzeko aukerarik ez da faltako, Laga Gizarte Zerbitzuak martxan jarri baitzuen festetarako gustoko abestiak bidaltzeko lehiaketa.
Horrez gain, urteroko ekitaldiak eta beste hainbeste berri izanen dira.
Txaranga, dantzaldi, kontzertu eta batukada
Hasteko, auroroek eta Mugi zaitez disko festa izan ziren lehengo igandean, eta gaurkoan, Elektrotxufla elektrotxaranga ekarriko dute gazteek.
Datozen egunetan protagonismo berezia izanen duen beste txaranga, berriz, Igandea txaranga izanen da. Egunero joko du; baita bitan ere!
Bestalde, gaur Estu eta larri, Kalera eta Laiotz taldeen kontzertuak izanen dira; bihar, Gabezin eta DJ Txoko; etzi, DJ Mikeltxi eta bertsolariak; asteartean, Indarren kantu emanaldia, Txamukos mariatxiak eta Beñat eta Fernando musikariak; asteazkenean jota emanaldia; eta ostegunean, Zozongo batukada eta Iratzar taldearekin berbena.
Ohi bezala, Amabirjin egunean dultzaineroen diana ere ez da faltako. Eta musikarekin lotutako ekitaldi berri berezi bat ere izanen da, txupinazoan: erraldoien topaketa.